Amaia Portugal: 'Urrezko lana'
Konparazio itsusitan sartuta, maiz entzun izan dut Bilbon azkarrago gauzatzen dutela edozein proiektu Donostian baino. Errazago jartzen omen direlako ados, bat egiten omen dutelako hiriarentzat onuragarriak diren ekimenez ari direnean. Gurean balitz, Guggenheim Museoaren titaniozko lehen xafla jartzeke legokeela, alegia.
Ez dakit zenbateraino den hori egia, edo baten batzuek beren mesedetan hauspotu duten topikoa. Baina egiari zor, gustuko dut donostiarroi, eta oro har gipuzkoarroi, egozten zaigun ika-mikarako joera hori. Ados jartzeko ezintasun hori gogaikarria izan daiteke azkenerako, baina esan nahi du badagoela saltzen dizkigutenak zalantzan jartzen dituenik, behintzat. Goikoentzat mezua: ziurrenik nahi duzuena egingo duzue azkenean, baina ez dizkizuegu gauzak eztituko, zuen burutazioek izan badute erresistentzia.
Horrelakoetan ez gara batere korporatibistak: jendaurrean harrotzen dugu gure hiriari darion hautsa. Iaz Angels Barcelori eman nahi zioten Urrezko Danborrarekin piztu zen ika-mika, horren lekuko. Baina hara non, orduan amu hura irentsi ez izanak izan du aurten saria: Richard Oribek jasoko du Urrezko Danborra, (nik dakidala) batere polemikarik gabe.
Orain arte barrutik kanporako garaikurra zen Urrezko Danborra: gurea munduan barreiatu dutenei eskerrak emateko modua edo. Iazko inflexio-puntuak haren norantza alda dezakeela dirudi: han eta hemen egin dituen balentriengatik etxean harro gaudela aitortu diogu, nolabait, Oriberi. Urrezko Danborrarena baino gehiago, Hiritar Merezimenduaren Urrezko Dominaren tankera hartu du. Oso egokia Oriberentzat, bai eta Maialen Chourrautentzat ere…
Esther Ferrer, Dolores Redondo eta Alicia Amatriainek osatzen zuten garaikurrerako aurtengo hautagai boskotea. Oso mainstreamak ez diren diziplinatan meritu handiko ibilbidea egiten ari diren profesionalak denak. Jakina, talentua ez da aski horretarako. Langileak, zorrotzak, oztopoak gainditzeko egoskor galantak behar dutela izan esango nuke, haiek ezagutu gabe ere.
Alabaina, Oribek baino laudorio gehiago jaso ditu Carlos Velak egunotan, nahiz eta aipaturiko dohain horietatik urruti samar ikusi izan dudan beti. Talentua erruz du, baina lanerako gogoa Madrilgo diskoteka batean utzi zuenekoa zaila da ahazten. Jasotzen duen soldatatzarraren pareko ahalegina egiten ez duenari Realak asko zor diola esatea ez zait balekoa iruditzen. Barka korporatibista ez banaiz.
Aukeran, gure ondorengoek zeinen ispiluan begiratzea nahi dudan galdetuz gero, garbi daukat. Vela gutxiago. Oribe eta Chourraut gehiago. Merezimendu osoz.