
Akabo uda. Ofizialki, irailaren 22an sartu ginen udazkenean, baina niretzat Porrontxo Jaien biharamunean bukatzen da beti, Egian udako festen zirkuitua ixten dugunean.
Zeinen erraz gozatzen dugun edozein herri edo auzotako jaietan. Zeinen erraz joaten zaizkigun orduak plazan, dantzan, kalejiran, trago artean. Baina guretzat dena erraza izateko zenbaitek gainditu behar izaten duten oztopo mordoaren berri izango bagenu… Zaila denari aise itxura ematen dioten zenbait horiengatik izango ez balitz… Bada, jai izango genuke (hitz-jokoa, bai, erraza!).
Izan ere, konturatzen al gara zer lan dagoen Porrontxo, Zipotz, Txanpontxo… Edozein auzotako jaien atzean? Egin dezagun ariketa bat. Begira diezaiegun gure auzoko festei jaioberri batek munduari begiratzen dion bezala. Ezerezetik abiatuta. Dena galdetzeke.
Adibidez, hortxe dago txaranga, txupinazoan. Klasiko bat. Hain ohituta gaude harekin, ezen ia ez baitugu ikusi ere egiten. Pentsatu al dugu nola iritsi den honaino, nork ekarri duen, nork aukeratu duen eta nork ordaindu dion? Era berean, kuadrilen igoera edo jaitsieratan, edo buruhandiak eta erraldoiak hortik zehar dabiltzanean, normal-normala iruditzen zaigu trafikoa moztuta egotea. Baina gauzak ez dira besterik gabe gertatzen: nork pasa die abisua udaltzainei?
Hara, haurrak txokolatea jaten plazan. Eta sukaldetxo hori? Eta lapikoak? Nondik atera dira? Zeinek ekarri ditu marrazketa tailerrerako errotulagailuak, edo maskarak egiteko igeltsua?
Atsegin dudan talde horrek jotzen du halako jaietan, eta banoa bertara. Baina nork negoziatu du kontzertu hau, nor aritu da telefonoz egurrean matraka ematen? Taldea alferrik ekarriko zuten aurrez agertokirik, baflerik edo argindarrik jarri gabe. Eta horiek, nondik atera dira?
Kontzertuaz gozatu bitartean, banoa txoznara trago bat hartzera. Hara, fresko-fresko dago Keler txikia. Baten bat gogoratu da hozkailuak garaiz betetzeaz. Eta kalimotxoa, ez al da inoiz bukatzen hemen? Kupelak aldatu eta aldatu ere badabil norbait.
Inork ez du gaiztoarena egitea atsegin, baina giroa gori-gori dagoenean ere, beharrezkoa da baten batek burua hotz izatea. Txoznak ixteko orduari buruz ari naiz, jakina. Jendea bertatik garaiz bidali behar, (Aste Nagusian ez beste guztietan) ordutegiarekin zorrotz baino zorrotzagoa den Donostiako Udalak isunik ez jartzeko. Lan hori ere norbaiti egokitu behar.
Horregatik guztiagatik, zuei, auzoetako festetan lan ikusezin horiek musutruk egiten aritzen zareten zoro zoragarri horiei, bereziki Egiako Jai Batzordeari, eta oso bereziki, Joxepo zenari… eskerrik asko!