Ander Edo: 'Buruhandiak'
“Auzoko festetan gauza gehiago antolatu behar dira egunez, gauez jada ez da jendea mugitzen”. Esaldi hau entzun nion duela gutxi, aspaldi gaueko parrandak zokoratu zituen lagun bati. Festen inguruan hitz egiterako unean norberak bere lekutik hitz egiten du, eta nola ez, leku horretatik ikusten duenaz.
Hirurogei urteko aitonarentzat iazko mariatxien emanaldi hori izango da agian jaietan gertatu zen hoberena, berrogei urteko “gaztearentzat”, ordea, sagardo eguna izango da festetatako une gorena akaso. Batzuentzat huskeria dena besteentzat esperientzia ahaztezina izan daiteke. Eta besteak beste hau dajaialdi hauek zoragarri bihurtzen dituen elementuetako bat. Haurrak ziurrenik ez dira ez mariatxien ezta sagardoaren zain egongo. Litekeena da buruhandi eta erraldoien esperoan egotea.
Xarma berezia sortzen dute pertsonaia hauek eta horregatik izaten dira estimatuenak (eta beldur gehien sortzen dutenak). Festen antolakuntzan gabiltzanok askotan galdu egiten gara bestelako ekintzetan eta ez diegu “betiko” elementu hauei garrantzi gehiegirik ematen. Baino ez dezagun ahaztu eragin handia dutela hainbat haurrengan, eta horregatik merezi dutela arreta berezi bat.
Aurrekoan eskolako festetarako buruhandiak autotik deskargatzen ari nintzela iltzatuta geratu zaidan solasaldi bat izan nuen zortzi urteko bi neskatorekin. Buruhandiak ikusi eta segituan gerturatu zitzaizkidan. Haien interesa ikusita burua jartzeko gonbita egin nien, eta ez zuten bi aldiz pentsatu behar izan. Amaitzerakoan esan nien handitzerakoan haiek ere izango zutela aukera buruhandi izateko eta orduan haietako batek erantzun zidan: Baizera! Buruhandiak beti mutilak izaten dira. Une horretan gogoratu nintzen argazki honekin, eta bertan ikus dezakezuena azaldu nion haurrari. Ikusgarria izan zen bota zuen irria. Haurrak pozik geratu ziren eta ni neure buru handiari bueltak ematen…