Ander Edo: 'Disparatene'
Toponimiak maiz lekuen inguruko informazio interesgarria ematen digu. Leku bateko izenaren zergatiari buruz galdetzen badugu, ziurrenik toki horrekin lotutako istorio edo gertakizunen bat azalduko da argira. Kontua da zaila izaten dela hainbat izenen atzean dagoen istorioa ezagutzea, hauek ahaztu egiten baitira. Hainbat izen ordea nahikoa iradokitzaileak dira eta istorio baten faltan beti dago berri bat asmatzeko aukera. Honela toki hauei esanahi berri bat emateko aukera dugu. Aurrekoan Josu Tellabide historialariaren Donostiako toponimo erregistroa lanean Loiolako toponimoen artean Disparatene topatu nuen. “Ene” hori ikusita ziurrenik etxeren bati egingo zion erreferentzia. Disparate, ordea, batek daki! Gure auzoa ezagututa izan liteke arazorik gabe zentzugabekeriaren adiera izatea.
Pentsatzen hasi nintzen orduan nolakoak izango liratekeen Disparateneako biztanleak. Otu zitzaidan pentsatzea, agian, etxekoek zaborra tximiniarik gabeko erraustegietan erreko zutela. Disparetetarrak hondartzaraino doan metro elegante batekin egingo lukete amets ziurrenik. Euskaldun peto petoak izanik euskararen alde egongo ziren ziurrenik, eta hau laguntzeko ia erdara hutsean publikatzen diren egunkariei emango liekete dirua. Kultur zaleak ere izango ziren eta horregatik inguruko ondare arkitektonikoa botatzearen alde egongo ziren ere, noski betiere hotel elegante bat eraiki behar bada gero. Kultur zaleak ez bakarrik eta natura zaleak ere izango lirateke Disparateneako lagunak, eta horregatik oztopo txikiena egingo liekeen zuhaitz oro moztuko lukete.
Xelebreetan xelebreenak izango lirateke etxe honetako biztanleak. Baino utz dezagun fikzioa eta gatozen errealitatera. Toponimo hori etxe batena baldin bazen, desagertua da dagoeneko, baino lasai! Disparateneako espirituaren zerbait geratu baita gure Donostia zentzudun eta arrazional honetan.