Ander Edo: 'Elbira Zipitria, denboraren makinan'
Elbira Zipitria du izena Donostiako campusean kokatuta dagoen eraikin batek. Honetan, besteak beste, etorkizuneko irakasleak izango direnek jasotzen dituzte klaseak. Izen hau ezin egokiagoa izan honelako eraikin baterako. Askok, ordea, ez dakite nor izan zen gure historia hurbileko pertsonaia garrantzitsu hau. Paradoxikoa badirudi ere, bere izena duen eraikinean oso gutxi hitz egiten da bere izanaz.
Baina demagun gure ezjakintasuna aprobetxatuz Elbira gure artera etorri, eta bere izena duen zentroan egun bat ematen duela. Zer ikusiko luke? Harrituta geratuko litzateke zalantzarik gabe. Bertan topatuko lituzke etorkizuneko irakasleak, eraikinaren atarian elkarren artean hitz egiten, irakasle honek jarri duen azterketari buruz batzuk, beste ikasgai horrek etorkizunerako jardunari egiten dion ekarpen urriaz besteak, praktiketan izandako esperientziez askok, eta gutxi batzuk osteguneko parrandaren ajeaz.
Hizkuntza desberdinak entzungo lituzke. Erasmuseko ikasleen ingelesa edo italiera kasu. Eskualde desberdinetako ikasleen euskara eta euskalkiak aditzeko parada ere izango luke hizkuntzaren aldaera hauek hainbeste baloratzen zituen irakasleak.
Eraikinera sartu, eta gaur egungo teknologiak eskaintzen dituen berritasunak topatuko lituzke bete betean: eraikina munduarekin lotzen duen wifi sare ikusezina, bakarrik zabaltzen diren ateak edo botoi baten laguntzaz mugitzen diren pertsiana erraldoiak… Zalantzarik gabe pozik egoteko majina bat arrazoi topatuko lituzke Elbirak.
Topatuko lituzke, hala ere, hain gustuko izango ez lituzkeen errealitateak. Etorkizunean haurren euskararen erabilera urriarekin kezkatuko diren hainbat irakasle gaztelania hutsean entzungo lituzke. Pedagogia berritzaileak gela zaharkituetan erakusten direla ikusiko luke. Hezkuntza zientziak erakusten diren eraikinean haurrentzako tokirik ez luke topatuko ere, toki egokiaren faltan ikasleak bere etxean ere sartu zituen andereñoak. Ikusiko luke zoritxarrez izenak ez duela beti izana ekartzen.