Andrea Mahalean, 'belarriprest': "Animatu Euskaraldian parte hartzera!"
Eta zuk ze rol aukeratu duzu Euskaraldirako? Bagera elkarteak bi ‘belarriprest’ donostiarren gogoetak ekarri dizkigu, aukeraketa berdina egin duten bi profil oso desberdinekin. Honakoa Andrea Mahaleanen gutuna da. Bera atzerritarra da, eta urte batzuk daramatza Euskal Herrian bizitzen eta euskara ikasten.
Andrea naiz eta Errumaniakoa naiz, zehazki Transilvaniakoa. Bederatzi urte daramatzat Espainia Estatuan, eta Euskal Herrian bost eta erdi. Duela bi urte hasi nintzen euskara ikasten, Euskaltegi batera joaten nintzen. Hasieran, zaila iruditu zitzaidan, egia esan, euskara zaila da, baina, gogoa jarriz, dena lor daiteke.
Denboraz, praktikatzen hasi nintzen, liburutegian, lagunen batekin, dendetan… Denek esaten zidaten: “Seguru zuretzat ez dela zaila, lau hizkuntza hitz egiten dituzulako”. Baina, ezagutzen ditudanak hizkuntza latindarrak dira, eta euskara ez dator latinetik. Hasieran, ezinezko misioa dirudi, baina gero ez.
Nire ustez, Euskaltegiarekin ez da nahikoa, zerbait gehiago egin behar dugu. Telebista eta irratia entzuten hasi nintzen, baina, nire ustez, euskarazko eskaintza oso urria da. Egun batean, euskaltegian Bageraren bisita bat izan genuen eta Euskaraldiari buruzko informazioa eskaini ziguten. Sinestezina iruditu zitzaidan. Bi aukera daude: belarriprest eta ahobizi.
Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egiten diot, hark erdaraz erantzun arren. Eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten diet.
Belarriprest: egidazu euskaraz, nik erdaraz zein euskaraz erantzungo dizut.
Nik belarriprest izatea aukeratu nuen. Aukera honekin, espero dut, euskaraz entzuteko ohitura hartzea, eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posiblea dela frogatzea.
Nire ustez, hemen bizitzea aukeratzen duena egokitzen saiatu beharko litzateke: kultura besarkatzea, horren parte sentitzea, hura maitatzen hastea. Bakoitzaren jatorria ukatu gabe.
Euskara ulertu edo pixka bat hitz egiten duten pertsonak Euskaraldian parte hartzera gonbidatzen ditut. Euskara hizkuntza zoragarria da!