Ane Urrutikoetxea: 'Feminismoaz nazkatuta'
“Gizonen aurkako gorrotoa bultzatzen duen puritanismo berri honek kezkatzen nau”. Michael Haneke zinema zuzendariaren hitzak dira, #metoo mugimendua kritikatuz. Zuzendari laudatu honen iritzi ilustratuan, #metoo mugimendua jendearen (gizonen) bizitza eta ibilbide profesionalekin akabatzen ari da: “Gorroto itsu batek mugitzen ditu, bizitzak suntsituz; pisurik gabeko salaketak aireratzen dituzte, delitua egiaztatu gabe”. Ez da horrela pentsatzen duen bakarra; kulturan, politikan, enpresetan, kirolean eminentziak diren asko, nazkatu egin dira feminismoaz. Zergatik? Beren eserleku erosoak arriskuan daudela konturatu direlako.
Haneke ere kexu da Balthus margolariaren obra batek jasotako kritikengatik; margolari hau ezagutzen ez duzuenontzat, harreman pederastak modu erromantikoan irudikatzea egotzi izan diote. Baina zergatik jarri ezbaian artista laudatu baten lana? Artea zentsuratu behar al da? Haneke bezalako gizon jantziak feminismoa puritanismoarekin alderatzen dutenean ez dira konturatzen feminismoak ez duela zentsura bilatzen ikuspegi kritiko bat eragitea baizik. Gizon handiak kexu dira feminismoaz, dena ezbaian jartzen dutelako, dena hankaz gora jarri, unibertsoaren ordena zapuztu.
Eta zer du egungo feminismoak horren urduri jarri dituela gizon jantzi, kultu eta izen oneko horiek? Zergatik harrotu du horrenbeste hauts #metoo mugimenduak, Catherine Deneuve eta beste ehun artista frantsesen adierazpen nahasiak eragiteraino? Erantzuna erraza da; feminismoaz nazkatu direnek, argi izan behar lukete benetan nazkatuta daudenak emakumeak direla, eta dagoeneko ez dute boterean daudenak gogaitzeko beldurrik. Amaitu da pribilegioen garaia.
Eta bai, dena ezbaian jartzeko garaia iritsi da. Emakumeak artean, politikan, lan munduan, etxean, kalean, familian, eskolan… toki guztietan orain arte bete duen rolaz hausnartzeko garaia iritsi da. Eta tematu behar bagara, tematuko gara, denak nazkatu arte, gauzak behingoz aldatu arte.
Aurtengo martxoaren 8a berezia izango da; oraingo honetan, adin, lanbide eta itxura guztietako emakumeen oihartzuna sentituko da. Feminismoaz nazkatu bazarete, adi, hau hasi besterik ez da egin eta!