Ane Urrutikoetxea: 'Nolite te bastardes carborundorum'
Ez dut eraso berri bat gertatu arte itxarongo zutabe hau idazteko. Hirian indarkeria matxista sufritu duen azken emakumeak ez duelako duela asko jasan, eta errealitate gordinak erakusten digunez, egunero gertatzen direlako erasoak, gu ohartu gabe. Gertaera gehienen aurrean ez da salaketarik egoten, ez dira medioetan agertzen eta ez dira publiko egiten; baina hor daude, egunero, edonon, edonork eginda, edonork jasanda.
HBOren The Handmaid’s tale telesaila ikusten hasi nintzenetik oraindik ere argiago ikusi dut zein punturaino dagoen gizartea indarkeriaren aurrean itsu. Argumentua ezagutzen ez duzuenontzat, horren urrun ez dagoen gizarte distopiko eta antzu baten istorio beldurgarria kontatzen du; ugalkorrak izaten jarraitzen duten emakumeak neskame, edo hobeto esanda, esklabo bihurtu eta hilero bortxatzen dituzte agintariek, beren emazte antzuen aurrean. Istorio honetan, emakumeak utero bat besterik ez dira, ez dute bestelako baliorik. Baina hori ez da telesailaren alderik beldurgarriena; okerrena, egoera horretara zein erraz, zein itsu iristen diren ikustea da.
Indarkeria matxistaren aurrean gizarteak modu erabat aseptikoan erantzuten du; agintariek doluminak emango dituzte, ‘Ez zaude bakarrik’ eta ‘Salatu’ mezuak aireratuz. Kalera betikoak aterako dira, eta medioek ohiko titular desegokiak argitaratuko dituzte: ‘Emakume bat hil da bere bikotekideak leihotik behera bultzatu ondoren…’.
Baina errealitatearen aurrean itsu jarraitzen dugu. Indarkeria matxista sufritzen duen emakumea bakarrik dagoelako, oso bakarrik, beldurtuta, ikaratuta, eta salaketa jarri arren, ondo dakielako hor ez dela bere amesgaiztoa amaituko. Kasu onenean, bidezko epaiketa batek aldenduko duelako indarkeria zehatz horren atzaparretatik; baina sekula ez du babesik lortuko gizarteak praktikatzen duen indarkeriatik salbu bizitzeko.
Biktimak ausart izatera behartzea ez da konponbidea. Arazoa ez delako haiena, gizonak pentsamendu, sasi-eskubide eta jarrera matxistaz jantzi dituen gizartearena baizik. Eta eraso berri bat gertatzen denean, zeren gertatuko da, gaiztoa munstro baten moduan irudikatuko dugu, munstro hori gutako edonor izan daitekeela pentsatu gabe. Normaltzat jotzen dugu oraindik edozein herritako jaietan erasoak gertatzea. Normala eta halabeharrekoa iruditzen zaigu, eta aurrera jarraitzen dugu, hurrengo erasoa gertatu arte. Emakumeok inoiz baino askeago bizi garela diote batzuk, baina askatasuna, guztia bezala, erlatiboa da. The Handmaid’s tale-eko protagonistak dioen bezala, ‘Nolite te bastardes carborundorum’, Sasikumeek ez zaitzatela birrindu!