Ane Urrutikoetxea: 'Presak'
Egunak dira non mundu guztia gorrotatzen duzun. Ez dakizu zehazki zergatik, baina halako egunetan, etxera joan eta munduaren begirada jasangaitzetik ezkutatu nahiko zenuke. Halako sentipen bortitzak barruan eragin dizun ezinegona baretu nahian, hasi zara gorroto horren jatorriaren inguruan hausnartzen.
Goiz esnatu zara, edo intentzio hori zenuen behintzat, baina iratzargailuak ez du jo (barren barrenean onartu duzu ez duzula entzun ere egin). Presaka, gosari trakets bat hartu eta ziztu bizian atera zara kotxeruntz (non gelditu dira oinez edo bizikletan lanera joateko zure buruari egindako promesa horiek). Ez dituzu bi minutu ere egin kotxean, eta dagoeneko hiru txotxolo topatu dituzu bidean; despistaturik muturra sartu dizun ergela, aparkatzeko toki bila orduko 2 kilometrotara zioan barraskiloa eta, nola ez, biribilgunean zure bidean gurutzatu den alproja. Pazientzia pilulak agortuz, klaxona jo diozu, baina horrek ez zaitu hobeto sentiarazi. Berandu zoaz lanera, eta aparkatzeko borroka latza dagoela ikusita, aurreko barraskilo alua aurreratu eta azken tokia hartu duzu. Ufa!
Berriz ere presaka bazkaldu ondoren, hartu duzu bizikleta (oraingoan bai!) Eta bazoaz ziztuan. Bidegorriak ez zaitu nahi bezain zuzen eramaten, eta sartu zara espaloian tarte batez. Tarte txikia izan arren, jaso dituzu bizikleta gorrotatzaile demonio batzuen hitz itsusiak; berdin du, zu ziztuan zoaz eta segituan ahaztu dituzu; hitzak aireak daramazki. Bidebatez, minutu batzuk aurreratzea lortu duzu pare bat semaforotan gelditu gabe. Dena den, amorrua sentitu duzu despistaturen bat bidegorrian sartu eta gelditzera behartu zaituenean. Bidegorria ez du inork errespetatzen!
Bizikleta utzi, eta presaka zoaz, beti bezala, kaleak zeharkatuz. Alde batera edo bestera begiratzeko astirik ez duzu, baina ez du axola; geldituko dira besteak. Bat-batean, kotxe batek ez dizu zebrabidean pasatzen utzi; jendeak ez ditu sekula errespetazen zebrabideak. Nazkatuta zaude.
Etxera bidean zoaz, azkenik. Marmarka zoazela konturatu zara, mundu guztia kontran duzula sentituz. Eta han, igogailuko ispiluan, topatu duzu ametsgaiztoaren arrazoia. Ispiluaren bestaldeko irudiak bekaizti begiratzen zaitu, zu ere gorrotoz betetako presazko mundu horren zati zarela gogoraraziz. Etxeansartu, arnasa sakon hartu eta promesa berri bat egin diozu zure buruari; bihar, ez zara munduarekin haserretuko. Bihar, presak ez zaitu preso hartuko.