Ane Urrutikoetxea: 'Urte berriko promesa'
Atzamarretatik ihes egiteko prest dugu beste urte bat. Aurtengo egun gehienak dagoeneko xahutu ditugu, eta sartuak gara azken hilean; 365 egunetatik 15 egun eskas gelditzen zaizkigu. Istant batean isuri ditugu orduak, uneak, bizipenak, pozak eta penak. Aurtengo azken zutabea idazten ari naizen kontzientziaz, oraingo honetan egunotan izan dugun esperimentu sozial interesgarriaren bizipen zein sentipenak adierazteko erabiliko dut espazio hau. Izan ere, aurten ekimen berezi bat jarri du abian gure herriak; 11 egunez, euskaraz hitz egiteko konpromisoa onartu dugu.
Bitxia da herri batek kontzienteki halako «esfortzua» egiteko erabaki bateratua hartu behar izatea berea den hizkuntza erabilia izan dadin. Esfortzua diot, askorentzat hala izan delako; herri honetan, izan euskaldunak ala euskaldun berriak, gehiengo zabalak saiakera egin behar izan duelako modu naturalean egiten ez duen lehen hitz hori euskaraz izateko. Sarean irakurri dudanaren arabera, askok harrituta ikusi dute inguruan dituztenen gehiengoak ez duela arazorik izan euskarazko lehen hitz horri tira egin eta elkarrizketarekin jarraitzeko. Ahobiziek beraz, euskara beldurrik gabe erabili dute, aurreiritziak alboratuz; eta belarriprestek?
Inguruan izan ditut batzuk, eta sumatu dudanaren arabera, haiek izan dira esperimentu hau ilusio handienarekin bizi izan dutenak. Hain zuzen, haietako askok beldurra izan diote denbora askoz euskaraz aritzeari, hanka sartuko zutela edota ulertuko ez zutela sinetsita; baina 11 egunez txapa distiratsua soinean eramanik, seguru sentitu dira, kalean txapadunen arteko konplizitate lagunkoia sortu duelako Euskaraldiak. Euskaldunok euskaldun berriak uxatu ditugu urtetan, ez modu kontzientean, baina ez gara konturatu gure laguntza ezinbesteko dutela haien hizkuntza normalizazioa burutzeko.
Lehen egunean beldurti agertu ziren batzuk, txapa soinean, gertatu zitekeena jakin gabe; baina beldur ote gara bada ulertzen ez dugun beste hizkuntza bateko norbait kalean hurbiltzen zaigunean? Orduan, nola beldurtuko gara gure hizkuntza hitz egiteko orduan? Euskarak tontor asko konkistatu ditu, baina batzuetan zailena etxean hasten da. Familian. Egunerokotasunean. Euskaraldia egitasmo sinplea bezain beharrezkoa zen konturatzeko aldaketak txikitasunean hasten direla, ondoren pauso txikiak ematen jarraitzeko.
Txapak eskaintzen zuen babesa desagertu egin da Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez; bizikletan ibiltzen ikasterakoan gurpiltxoak kentzen dizkiguten moduan, 11 egun nahikoak izan beharko dute hemendik aurrera bi gurpilez ibiltzeko gai izan gaitezen. Horra beraz nire urte berriko desira edo promesa; 2019an, baietz 365 egunez lehen hitza euskaraz egiteko gai! Saiatuko gara?