Ane Urrutikoetxea: 'Winter is coming'
Uda joan zaigu, udazkenean sartu gara, eta iritsi da serio jartzeko garaia. Urte honen zahartzarora iristen hasiak gara, eta urtea hasi berritan egindako proposamenak bete gabe harrapatu nau beste behin. Baina garaiz nabil; gimnasioan apuntatu naiz, dieta hasi dut, ikastaroetan izena eman dut, agenda berria erosi dut, bizitza ordenatzen hasi naiz.
Serio jartzeko urtaroa baita udazkena; gauzak zuzen egiteko azken aukera, izenak berak gogorarazten digun bezala. Gimnasioan apuntatu naiz bada, udako afari, bazkari, gosari eta gorputza horrenbeste poztu dizkidaten beste ari guzti horiengatik penitentzia ordaindu behar dudalako. Dieta hasi dut, jaki goxoak irentsiz disfrutatzea ez baita urte guztian luzatu daitekeen plazera. Ikastaroetan eman dut izena, arratsaldeak sofan, belardi batean edo hondartzan botata igarotzeak ez diolako gizarteari inolako onurarik ekartzen, nire buruarentzat eguneko unerik gozoena izan arren. Agenda berria erosi dut konpromiso guzti horiek ez ahazteko; lagunekin trago bat hartzeko tarterik ere ez zait gelditu.
Gogorra da errutinara bueltatzea; oporren ondoko depresioa jasaten dute askok, eta gainontzekoek ez dute halakorik izateko astirik ere izaten. Gutxiago lo egitera ohitu behar dugu gorputza, gutxiago ateratzera, gutxiago prokrastinatzera, gustuko ditugun gauza horietan denbora galtzera. Aldiz, gure denbora produktibitateari eskaintzen diogu, gehiago lan egiteari, ikasteari, egiteari, saiatzeari, orain arte egindakoak errepikatzeari. Lehentasun kontuak.
Udazkena gorroto dudala pentsatuko duzue baina egia esan, nire urtaro gogokoena da. Udak eramaten du meritu guztia beti, eguraldi ona, beroa, hondartza… baina udan entzun ditudan kexak gehiago izan dira laudorioak baino; jende gehiegi, dena garesti, ezin inon gustura egon… Udazkena ederra da. Hego haize dakarkigu, urre kloreko arrastiriak, mila koloretako zuhaitzak, horren goxo gordetzen gaituen eskuz egindako jertse hori… soilik gure errutina geldiezinak zapuzten du udazkenaren edertasuna.
Armairu aldaketa egitea gelditzen zait bakarrik; udazken koloreko lehen hostoak erotzearekin batera aterako ditut jertse eta berokiak. Errutinara, ordenera, seriotasunera bueltatzeak dagoeneko oparitu dit sudur gorri bat, eta estreinatu dut denboraldiko lehen katarroa. Badator negua.