Apirilak 26?... Ah, bai, apirilak 26
Ate kolpe bat. Hegazkin hotsa. Su artifizialak. Soinu horiek Ukrainako haur batzuen opor hotsak ziren duela bi urte arte. Baina ez dira jada.
Shasha haur lasaia eta alaia da —dio Maitek, 2023ko udan harrera ama gisa estreinatu zena—. Hori bai, egun batean jaiki eta etxeko pertsiana guztiak itxi zituen. Etxean ezetz esan genion, egun zoragarria zela eta hobe altxatzea eguzkia sartu zedin.
Shasharena ez da behingo kontua. Horrelako egoerak, eta antzekoak, maiz errepikatzen dira elkarteko harrera familien artean bi urtetik hona. Eta ez, ez da axola gabeko gertaera. Shasharen portaera Ukrainako gerra eragiten ari den kalte isilaren isla da. Gerrak leherketak, heriotza, argi etenak eta gosea eragiten dituelako; baina tentsioa, kanpoan “entzuten den hori” gure gainean lehertuko ote den zalantza, “zergatik amak hainbeste negar egiten duen”, edo aita inoiz itzuliko ote den galdetzea ere bai.
1995. urtean, historiako hondamendi nuklear larrienak kaltetutako haurrei laguntza eskaintzeko sortu genuen Chernobil elkartea. Istripu horrek 38 urte bete ditu orain, eta, haren datak, nork esango zigun, garrantzia galdu du gure egutegian.
Txernobilgo haurren osasun fisikoarekiko kezkari osasun mentalarekiko kezka gehitzen zaio orain, beraiek izango baitira etorkizuneko ukrainarrak, herrialdea altxatu beharko dutenak gerra madarikatu hau amaitzerakoan.
Erradiazioaren eta elikadura eskasaren ondorioz ahul zeuden haurrei etorkizun hobea emateko lan egiten genuen, euren inguruan ez baitzegoen gizarte garapen eta ekonomikorako lekurik. Dieta osasungarria, eguzkia, aire garbia eta haur gisa jolasteko aukera ematearekin aski zen, gurekin uda gutxi batzuk partekatu ondoren, osasuntsu hazteko. Baina orain ez.
Haur horiek besarkada gehiago behar dituzte orain, maitasun gehiago. Zeruko suziri horiek dibertitzeko direla azaldu behar diegu, janzten dugun uniformea lan egiteko dela eta berehala itzuliko garela etxera. Eta, batez ere, gerra ez dela haurren kontua azaldu behar diegu, ez dela beraien ardura. Honengatik guztiagatik, inoiz baino gehiago, harrera familiak behar ditugu.
Txernobilgo haurren osasun fisikoarekiko kezkari osasun mentalarekiko kezka gehitzen zaio orain, beraiek izango baitira etorkizuneko ukrainarrak, herrialdea altxatu beharko dutenak gerra madarikatu hau amaitzerakoan.
Honengatik guztiagatik, eta nahiz eta gure elkartearen izenean bertan eraman, kosta egiten zaigu gogoratzea zer oroitzen genuen apirilaren 26an.