
Komertzial lanak eguneroko jarduna ia ia abentura bat bihurtzen du eta lanean lortutako garaipen txiki bakarrak, Hitzazale berri batekin sortutako enpatiak, konplizitate irribarre jator batek, hamaika ezezko borobilekin jasotako egurra, belar berde bihurtzen du. Ez gaude bakarrik, eta ez gara lau katu. Egunerokoan sarean eta ostiralero papereko edizioan, Donostian jazotakoaren berri euskara hutsean irakurtzea maite dugunok Irutxuloko Hitzari asko zor diogu eta asko gara, orain arte egindakoa denboran luzatzeko gaitasuna dugunak.
Publizitate puntual baten etekin zuzena sumatzea ia ezinezkoa da zinez, behintzat ekonomikoki, eta hori euskal enpresetako arduradun orok daki, baita ondo jakin ere. Pospolo kaxa baten tamainako iragarki batek ez du salmenten igoeran, ez eta kontsumoan eraginik izango, baina euskarazko egunkarian enpresa, taberna, okindegi ala beste edonolako zerbitzuen agerpena, euskaraz kontsumitzea erabaki dugunok gustuz hartuko dugu. Gure buruan pentsatuko dugu: begira, denda txiki hartako nagusiak euskaraz publizitatea egin du eta bere alboko beste zortzi dendek ez dute halakorik egin. Ni, gros auzotarra izanik, Zipotz jaietan Irutxuloko Hitzak lantzen duen alean egon ohi diren tabernetara joango naiz, auzoko jaiak euskaraz bizi nahi dituztenengana, beren izena gure artean izateko ordaindu dutenengana, gure hizkuntza maitatzen dutenengana.
Hamar urte igaro dira, lehen orrialde horiek idatzi zirenetik. Hamar urteetan, orri zurietan, berriak guregana iristeko lanean. Hamar urtez, gure esku ahurretan izan zaitugu. Hamar urte, ez dakit asko edo gutxi diren. Hamar urte, baina, hamaika izango direnaren bezpera da.
Zortzi urte dira orain Irutxulorentzat komertzial lanari ekin nionetik eta harrotasun handiz diot hau. Irutxulok hamar urte bete dituen honetan, eta euskarazko donostiar medio bakarraren proiektua aurrera doala ikusita, poztasun sentsazio goxo batek epeltzen ditu nire barneak.
Enpresa barneko mugimenduak direla eta Hitzako publizitatea kudeatzeari utzi berri diot, baina nire ekarpen txikia proiektu horretan sumatu dela esango nuke, eguneroko «borroka» komertzialak bere fruitua eman duela alegia, eta honek bultzatuta, Irutxulon orain komertzial lanak egiten dituen Nekane Mujikari animoak bidaltzea derrigorrezkoa ikusten dut. Ekin gogor Nekane, badakit gure eguneroko ilusioa mantentzen lan petoa egingo duzula.