Aritz Sorzabal: 'Berrogeita hamar itzal, zelatan'
Itzaletako bat niregana gerturatzen ari zela ohartu nintzen. Bere ibilera sendoak ez zuen ezer onik iragartzen. Urduri nintzen, eta urduritasuna beldur bilakatu zen esku artean zuen mozala ikusi nuenean. Inguratuta nintzen, gainera. Handik irten beharra nuen, bai ala bai. Asmo horrekin egin nuen atzera, baina, horrela ere, ez nuen ihesbiderik aurkitu; beste itzal batek moztu zidan bidea, zigorra lurrean gogor astinduta. Itzal horren atzean beste bat zegoen, eta haren atzean beste bat. Berrogeita hamar zenbatu nituen, larruz jantzita batzuk, biluzik beste batzuk, aurpegia estalita gehienak.
Literatura erotikoaren topiko guztiak han ziren, idazleari babesa ematen, istorio berdinean bateratu zituelako, berriro bizia eman zielako. Eta munduak amua irentsi zuen, idazleak zerbait berria eskaini zuela sinetsita.
Amore eman nuen azkenean, eta deabru horiek eskatutakoa egin nuen, txintik esan gabe.
Asteburu hartan, zinema aretoak bete ziren berriro, eta koldar honek laguntza oparoa eskaini zuen horretan; inoiz egin dudan kritika onena idatzi nuen erreferentziazko hedabidean. Ez nago harro, baina bizia salbatu nuen.