Artikutzatik Uliara
Duela 100 urte, Donostiako Udalak Artikutzako finka-eremua erosi zuen. 3.700 hektarea estaltzen dituen finka 2.3250.000 pezetatan erosi zuen (7,3 milioi euro). Erosketa hau, gure iritziz egokia izan zen eta uraren arrazoia mahai gainean izan zen. Artikutzako urak aprobetxatu behar ziren eta donostiarrei ura edateko balio izan zien. Duela 10 urte, Donostiako Plan Orokorra onartu zuten eta ordutik eta, lehenagotik ere bai, Ulia mendiaren %50a erosi behar dela aipatzen da.
Donostiarrok nahi dugun Ulia proiektua, 2018an udalak diruz lagundu zuen. Ulia mendiko bisitariei Ulia mendiko izaera publikoari buruz, galdetu genien. %72ak uste du eremu publikoa pribatua baino gehiago dela edo dena publikoa dela. %15ak, berriz, eremu publikoa eta pribatua orekan daudela uste du, eta %13ak eremu pribatua publikoa baino gehiago dela.
Galdeketa horren ondoren, Ulia mendiko partzelen planoa erakutsi zitzaien eta beraien iritzia galdetu zitzaien. %45ak partzela publikoak “oso gutxi direla” dio, %25ak “gutxi” direla, %18ak “nahikoak” direla, %7ak “asko” direla, eta %5ak ez daki ez du erantzuten.
Uraren hornidura eta donostiarren kontsumoa bermatuta, eta kasu bakoitzaren alde handiak alde batean utzita, erronka zahar eta aldi berean berri bat Donostiako agendan dago, baina gure agintariek ez diote erreparatzen: Ulia mendiko erosketa, bere babeserako eta donostiar, pasaitar eta bisitarien aisialdi jasangarrirako.