Atsedenik ez neurririk hartu gabe
Donostia Kulturaren Europako Hiri izendatu zuten urtean, 2016an, aldaketa handiak hasi ziren gure hirian. Arrastorik ere ez zegoen, ordea, ez udalaren webgunean ezta prentsan ere, hurrengo urteetan gertatuko zenari buruz. Antiguan bazirudien denak beti bezala jarraituko zuela… Baina aztarna gutxi batzuek agerian uzten zuten zerbait prestatzen ari zirela.
Herizen zegoen San Rafaelen komentua saldu berri zuten, ikasle-egoitza edo hotel bihurtuko omen zuten. Beheraxeago, farmazia ondoan, alkartetxe zaharra ere obretan zegoen. 36 oheko beste ostatu bat.
2017ko Aste Santuko oporretan, Koisi ostatuak, San Rafael komentu zenak, ohe guztiak okupatuta zituen. Beheko solairuko tabernak, aldiz, dozena bat mahai baino ez zituen: txikiegia hosteleko 154 bezeroei gosaria, bazkaria eta afaria emateko. Lehen solairuan, ostatuaren ondoan, baina eraikinetik kanpo, lokal ireki bat zegoen, kafetegiko estualdiak arintzeko balia zezaketena. Hori pentsatuko zuten ostatuko jabeek.
Arazoa da lokal hori ez dagoela intsonorizatuta, eta ezin dela intsonorizatu. 2016ko obra-lizentziak argi dio: «Inola ere ezin da izan aprobetxamendua konputagarria; izan ere, baimendutako gehieneko aprobetxamendua gaindituko luke, eta, beraz, baita legeztatu daitekeena ere (espazio hori aparkaleku, garaje eta abarrerako erabil liteke)». Baina horrek bost axola zuen: argiak, barra eta telebista instalatu zituzten, eta bezeroz betetzen zen ordu oro. Etengabeko zarata. Udaltzainei deitu, eta neurketa akustikoetan baimendutako maximoa bikoizten ari zirela agerian geratu zen. Urtebete pasa genuen egoera salatu eta neurketak egiten, Hirigintzak beste ikuskapen bat egin zuen arte. Emaitza: terraza itxi eta ostatu-jarduerari buruzko hainbat irregulartasun konpontzeko agindua. Auzokideok pozik geunden! Baina gutxi iraun zuen. 2019ko Aste Santuan terrazan hamakak jarri zituzten, eta argiek eta barrak han jarraitzen zuten. Bezeroak han-hemenka zebiltzan. Harrituta, Hirigintza sailari galdetu, eta esan ziguten 2019ko otsailaren 15ean ikuskapena egin eta aldeko txostena ematea erabaki zutela. Txostenean, aldiz, argi idatzita dago terrazetan ez dela ikuskapenik egin.
Ordutik, Koisik espazio hori erabiltzen jarraitu du, auzoan sortzen dituen eragozpenei erreparatu gabe. Ordutegirik, edukierarik eta inongo ikuskapenik gabe.
Guk, artean, gure kartelen bidez isiltasuna eta atsedena eskatzen segitzen dugu. Udala, isilik.
Aste gutxi barru irekiko dute Room 007, Matia eta Sukia kaleen arteko bidegurutzean. 302 plaza. Aparkalekurik ez.