Auzo duin baten alde
Martutene Bizirik auzoko familietatik abiatzen den mugimendu berria da. Auzoko eragileak elkartzea eta merezi dugun auzoa, auzo duin bat, aldarrikatzea dugu helburu. Izan ere, Martuteneko familiak abandonatuta sentitzen gara auzo bezala.
Maiatzean egindako lehen ekintzan, hainbat agintari Sarrueta pasealekua inauguratzera auzora hurbiltzen zirela aprobetxatuz, dozenaka lagun bildu ginen Auzo duin baten alde lelopean, jai eta aldarrikapen giroan elkarretaratzea eginez, gure eskariak entzun zitezen. Protesta baketsua eta familiarra izan arren, Ertzaintzak ekitaldi ofizialeko lekutik 200 metro baino gutxiagora hurbiltzen ez zigun utzi.
Ikastolaren inguruetan bide segurtasuna bermatzeko eskatzen dugu, errepidez inguratuta dagoelako eta espaloiek ez dutelako inolako babesik eskaintzen. Urtarrilean gertatutako istripu larri baten ondoren, udal gobernuak zirkulazioa baretzeko premiazko esku-hartze bat egingo zuela esan zigun. Ikasturtea bukatzeko hamabost egun falta direla, bost hilabete ondoren, zain gaude oraindik.
Martutene auzoko beharren zerrenda amaigabea da: zubi berria auzoarekin lotzeko hasierako planaren kontra asmatu zen bihurgunearen segurtasun arazoa, udal garbiketa zerbitzu urria da, auzoaren erdigunean dagoen gasolindegia abandonatua dago, urteak daramatza bukatu gabe behin-behineko biribilguneak, Dbusen geltokiak erabat prekarioak dira, Renferen tren geltokia Gipuzkoako prekarioena da –oraindik ere trenbidea zuzenean gurutzatu behar da– eta Madame Curie parkeko puntu kritikoa agerikoa da.
Horrekin batera, duela bi urte auzoko Kutxaren bulegoa kendu zuten, eta pertsona asko zuzeneko arreta zerbitzurik gabe geratu ziren; batez ere, adinekoak. AHTaren obrak direla eta, Barkaiztegi pasealekuko bizilagunek ez dute auzorako sarbiderik. Eta Agustindarren eraikinak, Martuteneko institutu ohiak, abandonatua jarraitzen du.
Auzo duin baten alde borrokatzen jarraituko dugu. Bai, Martutene ere Donostia delako.