Azaroan 28 gradu?
Udazken bete-betean gaude. Udarako egun luzeak atzean utzi eta udazkeneko kolore bero eta goxoetan murgildu gara. Orbelez josita daude hiriko bide ertzak. Eguzkiak argi leunagoarekin laztantzen du gure azala orain, estaltzeko beharrik ez duen azala. Bero dago Donostia, beroegi. Sandaliak armairuko lehen lerroan daude, eta baita tiradun kamisetak ere. Azaroa da, eta bero handiegia egiten du urteko sasoi honetarako.
Bada klima aldaketa ukatzen duenik. Baina, tira. Zantzu nabariak ditugu jadanik, ez al da hala? Ez dut gogoan udara atzean utzi eta beroa denboran horrenbeste luzatu den urterik. Gaztea naiz, bai, baina aurten zerbait gehiago gertatzen ari da. Zer edo zer areagotzen ari da, urtetik urtera are nabarmenagoa da.
Klima larrialdia gurutzatzen gaituen krisi sistemikoaren ardatz bat gehiago da. Ez naiz katastrofista jarriko, baina datorkigunari aurrea hartu behar diogu.
Problematika askori lotuta, munduko txoko ugaritan Batzar Herritarrak jarri dira martxan. Esan daiteke deliberazio-olatu bat abiatu dela. Sortu diren batzar horien oinarria ondorengoa da: ausaz hautatutako herritar taldeak asanbladan deliberatu eta dagokion gaiaren inguruko gomendioak proposatzen ditu. Esaterako, Tolosan osasun eta ongizate mentala eta komunitarioa hobetzearen inguruan ari dira, Mallorcan klima larrialdiari modu eraginkor eta sozialki justuan aurre egiteko 2030a baino lehen egin behar duten horren inguruan deliberatuko dute.
Gipuzkoan osatu den Batzar Herritarrak ildo beretik joko du. Gogoeta teorikoetatik haratago, esperientzia praktikoen bidez klima-aldaketa/demokrazia parte-hartzailearen binomioan sakontzea da asmoa. Etorkizunera begira ardatz estrategikoak norabidetzeko tresna baliagarria izan daiteke. Denborak esango du, udaberriak fruituak ekartzen dituenean eguzki izpi biziek gorituko dute berriro gure azala.
Orain sandaliak jantzita gustura bagaude ere, izango da katiuska eta txubaskeroa armairutik atera eta euripean dantzan aritu nahi duenik.