BCC ez, eskerrik asko!
Idatzi publiko honekin BCCko arduradunek Hondarperi eginiko bilera eskaerari erantzun nahi genioke une honetan kalean den eztabaidan gure ekarpena egin asmoz.
Lehenik eta behin SOS Manteok eta Uliako Auzo Elkarteak aurrera daramaten borroka txalotu nahiko genuke, baita mobilizazioetan etengabe parte hartzen duten lagunen indarra azpimarratu ere.
Hondarperen gabeziek (fronte asko eta aurre egiteko behar adina esku ez) ez digute behar bezalako erantzuna ematen utzi, baina argi esan nahi dugu hasieratik izan garela BCCren proiektuaren kontra antolatutako mobilizazioetan eta eztabaidetan, ahal izan dugun moduan parte hartzen.
BCC ez dugu nahi, gure auzoa deuseztatzeko bidean jarriko duen proiektua delako; dagoeneko jasaten ari garen eraso gentrifikatzailea biderkatuko duelako; dagoeneko odolusten ari gaituzten putre funts eta etxejabeei are aukera gehiago emango dizkielako gu odolusten jarraitzeko; dagoeneko egoera larria bizi duen euskara are egoera larriagoan jarriko duelako; geure ekosistema soziala erasoko duen moduan auzoan dugun espazio berde urria desagerraraziko duelako; geure kultura, geure jaiak, geure harremantzeko moduaren kontrako eraso bortitza delako…
Proiektu hau aurkeztu eta onartzerako orduan Donostiari ekarriko dizkion onurak azpimarratzen dira etengabe proiektuaren sustatzaile eta arduradun politikoen partetik; hala mintzo direnek Donostia salerosketarako produktutzat dute.
Hondarpen urteetan zehar eginiko lanak zerbait erakutsi badigu, hain justu ere da Donostia auzoek eta auzotarrek osatzen dutela, eta auzotik eta auzoarentzat eginiko lanak eta antolaketa esperientziek ahalbidetuko dutela herritarren neurrira eginiko Donostia, hori da auzoek behar eta nahi dugun onura bakarra.
Hondarpen behintzat horretan ari gara, auzoa saretuz eta auzotarrek behar dituzten estrukturak osatuz gainontzeko auzotarrekin batera. Bide honetan egin dugu topo kultur etxearekin, osasun etxearekin, euskaltegiekin, komertzio txikiekin eta, oro har, auzoa auzotarren mesedera eraiki nahi duten horiekin guztiekin. Saretxe, Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Presoak Kalera Gros, Ubarroiak… dira ibilbide honen fruituetako batzuk.
Horregatik argi dugu Manteoko zelaiaren alternatiba onargarri bakarra auzoarentzako berdegunea eraikitzea dela; ez baitugu babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzearen aukera ere egokitzat. Azken alternatiba honek auzoko espekulazioari bide emango lioke; eraiki ditzatela alokairu sozialeko etxeak Telefonicako eraikinean!
Hau hala izan dadin lanean jarraituko dugu auzo defentsan eta auzo boterea eraikiz. Kalean egingo dugu topo.