Itsaso Gutierrez: 'Benetan esaten dizut, saiatzen nintzen'
Hamar urte eman ditut zurekin. Zure alboan. Hogeita zortzi urte nituela elkartu ginen. Taberna hartako iskinean harrapatu ninduzun, zure begi sakonekin. Laster jakin nuen zurekin egon nahi nuela. Zurekin hazi, bizi. Ez zintudan gehiegi ezagutzen, baina zure alboan babesa sentitzen nuen, zure ziurtasunak nire beldurrak besarkatuko balitu bezala. Urtebete eskas iragan zenean pisu txiki batera joan ginen. Eguneko ordu gehienak elkarrekin emateko irrikaz. Langabezian bazinen ere, nire soldatarekin biok bizitzeko adina bagenuen. Arratsaldeko zazpiak arte egon behar izaten nintzen lanean. Eta nekeak hartuta ere pozez abiatzen nintzen ziztu bizian gure txokotxo hartara zurekin egoteko desioan. Maiz hotz sumatzen zintudan. Urrun. Telebistari itsatsirik. Txokoaren iluntasunean ezkutaturik. Eguneko azken ordu horiei etekina atera nahian zer edo zer egiteko proposatzen nizunean, ezetza besterik ez nuen jasotzen. Urruntasuna. Hoztasuna. Nire kontuak zirela esaten zenidan. Drama bat egitea gogoko nuela. Gehiegi eskatzen nizula. Telebistaren hotsak betetzen zuen berez oihuka zegoen bakardadearen isiltasuna. Goiz jaikitzen nintzela eta, ez nuen berandu oheratzea gogoko. Zuk, programaren batekin zaleturik zinenaren aitzakian salaren ilunean gelditzen zinen. Zure besoak behar nituela esaten nizun goxoki. Zurekin ohean loak hartzea egunaren ederrena zela. Gure biluziek bat egitea. Zuk ezin zintudala behartu esaten zenidan. Ez zenuela hain goiz oheratu nahi. Programa hura edo bestea gogoko zenuela. Ez nintzela sekula zure lekuan jartzen. Akaso ase ezina nintzela. Harremana nik nahi nuen bezala eraiki nahi nuela. Ohean zure esperoan bakarrik sentitzen nintzela aitortu nizun. Biktimarenak egiten nituela esaten zenidan. Gehiegi eskatzen nuela. Benetan esaten dizut, saiatzen nintzen.
Lantokikoekin ikastaro batzuk egin behar izan nituen. Lau egun Durangoko eskola batean egon nintzen, eta, bertan hostal batean egin behar izan nuen lo. Telefonoz orduro zure dei galduak aurkitu nituen, zure haserrea. Zure mezuak. Ea zertan eta norekin ari nintzen kezka-gai. Zure beldurrek haserrea pizten zizuten. Nirekin eta nire kontra. Mesfidati agertzen zinen zure inguruan, zuri begira ez nengoen bakoitzean. Ez nuen zuk sufritzerik nahi. Durangotik lehen egunean etxeratu nintzen. Haurtzaro gogorra izan zenuen. Amak 3 urte zenituela abandonatu baitzintuen. Eta aitak 18 urte arte hezi bazintuen ere, alkohol zale amorratua zenuen. Gazte alde egin zenuen etxetik horri aurre egin beharrez. Ausarta sentitu zaitut beti. Gogorra. Ikasketa bukatzeko hiru saiakera egin zenituen. Lan txiki ugari egin zenituen. Sosa batzuk ateratzeko eta aurrera egiteko adina. Eta bidegurutze horietako batean, tabernaren barraren atzean ezagutu ginen. Zure begietan mina sentitu nuen. Nirekin baretuko zela pentsatu nuen. Elkarrekin bizitakoen arrastoak ezabatzea lortuko zenuelakoan nengoen. Irri txikienari eusten nion. Gure maitasunak zure barne ezinegonak baretzeko indarra bazuela sinestera heldu nintzen.
Azken urteetan amorrua eta etsipena irudikatzen zuten zure begiek. Bizitzaren minak arrastaka zintuen. Zure makulu bakarra nintzela ulertzen nuen. Zure behar txikienak betetzen saiatzen nintzen. Ez nuela inoiz asmatzen sentitzen banuen ere. Oihuka azalarazten zenituen zure minak. Zure ezinegonak. Zure kezkak. Aintzakotzat hartzen ez zintudala esaten zenidanean. Zure oihuek ni mintzen nindutela esaten nizunean, biktimarenak egitea gogoko nuela gogorarazten zenidan. Beti niri begiratzeko eskatzen nizula. Benetan esaten dizut, saiatzen ari nintzen.
Hamar urte eman ditugu. Bat-batean begiak ireki ditut. Ez dut nire bizitzaren arrastorik topatu. Zurean murgildurik sentitu naiz. Zuretzat onena desiratu dut, nirea ahazteraino. Orain arrotza naiz. Ez dut nire ametsik inon topatzen. Ez dut nintzena gogoratzen. Nire dohainak zalantzan jarri ditut. Nire ausardiak kikildu. Nire irriak galtzen joan dira. Lagunekin batera. Ase ezina sentitu naiz. Txikia. Errudun. Benetan esaten dizut, Maitane, saiatu naiz.