Berezko hiztunik gabe, arnasgunerik ez
Berezko hiztunik gabeko arnasgunerik ez dago. Berezko hiztunak dira arnasguneen euskarri, orakarri, zutarri eta zimentarri.
Baina has gaitezen hasieratik: zer dira arnasguneak? Arnasgune hitza Mikel Zalbide euskaltzainak euskarara ekarritako hitza da, Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarrak 1991n erditu zuen kontzeptua adierazteko: physical breathing space (Arnasa hartzeko tokia).
Mikel Zalbide euskaltzainak horrela azaldu zuen kontzeptua bere hitzekin:
«Zer da arnasgunea? (…) Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsean, Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea. Euskaldunak euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan, hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezi (zenbaitentzat “xelebre”)-rik gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena».
Beraz, arestian dierazitakoak adierazita, arnasgunearen ekuazioan bada ezinbestean sartu beharrekoa elementu bat: berezko hiztuna. Horrela, arnasguneek ondorengo ezaugarriak dituzte: euskararen ezagutza eta erabilera zabaleko guneak dira, berezko hiztunen kontzentrazio demografiko handiko elkargune naturalak dira eta gune horiek berezko hiztunen sorburu eta harrobi dira, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa indartu, segurtatu eta mantentzen dutelako.
Goazen orain berezko hiztunak zer diren azaltzera:
Berezko hiztunak hizkuntza ororen hiztun naturalak dira, sorburuko hiztunak, jatorrizko hiztunak edo berbadun natiboak. Belaunez belauneko katean gurasoengandik jaso eta modu naturalean hizkuntza —gurean euskara— bere-berea eta berezkoa duten hiztunak dira. Hizkuntza horretan bizi eta pentsatzen duten hiztunak. Dakizkiten gainontzeko hizkuntza guztiekin alderatuta, berezkoa duten hizkuntza hori dute erraztasunik handieneko adierazpide. Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak arrazoitzeko eta kolkoratzeko barne-mintzo.
Berezko hiztunen arteko gizarte harremanak edo harreman-sareak sortzen direnean, berezko hizkuntza ardatz duten gune, espazio, leku edo giza egiturak sortzen dira. Hain zuzen ere, berezko hiztunen hizkuntza ardatz duten gune horiek hizkuntzaren arnasguneak dira, hots, hizkuntzaren nagusitasun-guneak.
Berezko hiztunez osatutako giza egitura eta harreman-sareak —familiak, lagunak, ikaskideak, lankideak, herrikideak— elkar lotu, saretu, ehundu eta trinkotzen direnean, orduan sortzen dituzte arnasgune geografikoak (auzoak eta herriak).
Gaur egun, ordea, euskaraz egiteko aukera ematen duten gune guztiei arnasgune esateko joera nagusitzen ari da, baina dena, jakina, ez da arnasgune.
«Euskararen arnasgida ez-perfektua» osatu berri dute joan deneko otsailaren 25ean Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. Bertan euskararen babesguneak eta arnasguneak izan zituzten hizpide.
Babesguneak euskaraz egitea ziurtatzen duten guneak dira. Euskararen babesguneak, estres linguistikorik gabe, euskaraz eroso hitz egitea ahalbidetzen duten guneak dira. Giza komunikaziorako euskara erdigunean duten guneak dira baina —erdalguneetan bereziki— euskara ez dakitenek bertan erdaraz egitea ere ohikoa izaten da. Babesguneak konszienteki sortzen dira, pentsatuak eta planifikatuak dira, sorburuan berariaz hartutako erabaki bat dute, erabaki adostua —Euskaraldiko ariguneak bezalaxe—.
Babesguneak hizkuntzaren oasiak dira euskaldunak gutxiengo diren gune soziolinguistikoetan. Baina arnasgune geografikoetan ere babesguneak behar-beharrezkoak ditugu euskarazko gizarte bizitza gehiago ehuntzeko eta saretzeko.
Urepelgo Xalbador handiak esan zigun: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Eta bihotza tauparazteko, behar-beharrezkoak ditugu zainetatik gorputz osora odol berria eta bizi-indarra daramaten berezko hiztunak, izan ere, horiek gabe, euskararentzat eta herriarentzat ez baitago arnasgunerik, ezta etorkizunik ere.