Lehen abordatzearen irudia, 2003koa. (Argazkia: Donostiako Piratak)
Egutegia irentsi beharrez ematen genuen urtea, auzo edo herriko festen kutxa zabaltzeko sasoia noiz ailegatuko. Abuztua heltzearekin, ordea, kutxa zabaldu eta, festa beharrean, galdera deserosoa kausitzen genuen urte baten bezala berdin hurrengoan: Zer demonio gertatzen da hiri santu honetan abuztuko jaiak halakoak izan daitezen?
Hiriko jai ereduak itzulia eta gogoeta beharrezkoa zuela ulertzen genuelako elkartu ginen auzo zenbaitetako Gazte Asanblada eta Jai Batzorde, Parte Zaharreko hainbat tabernari eta lagun koadrila, 2003 hartan. Eta erantzunen asmatzen hasteko egin genuen itsasora. Tuteran, Bilbon edo Eskiulan berdinak ezin dutelako izan behar zuten ezberdin Donostiako festek, propiotik zerbait. Itsasoari emana eta begira bizi izan da Donostia, itsasoak egiten du berezi auzoko hiriburuen artean. Handi-mandientzat «postalea» besterik ez zena, konplizea genuen guk. Itsasoari lotu gintzaion, itsasoan egin genuen hiriko bazterretatik festaren erdigunera jauzia. Itsasoak egin gintuen pirata orain hamabost urte atzera.
Aurrekariak: guk ere egingo genuke! Galderak bazuen testuingurua, eta galderaren antzera, itsasoari begira paratu ginen gu ere. Eta olatuen bits artean oroitu genituen NATOren aurka protesta egiteko 1986an Kontxako hondartzan egin lehorreratzea; edo ibai garbi baten alde 80ko eta 90ko hamarkadetan, eta 2002. urtean azkenekoz, Eguzki eta beste talde ekologista zenbaitek Urumean antolatu jaitsierak; edo Urumean bertan, Egiako Porrontxo jaietan ospatzen ziren estropadak; edo 90ko hamarkada erdialdean Donostiako Koadrilek kaian saiatu abordatzea… Guk ere egingo genuke, esan genion elkarri, edo zehatzago, guk ere egin nahi dugu.
Festa eta aldarrikapenaren artean. Itsasoa lagun, itsasoak bezain beste egin gaitu abordatzeak. Festaz pentsatzeko festan behar zuen gogoetak, ezin bestela, baina aldarrikapenik gabe ere ibilbide laburra izango zuen. Biak nahastu ziren Abordatzean, festa eta aldarria.
Zernahi ospatzeko baimena eskatzen zelarik erantzuna beti zen ukoa, interes pribatuek, garagardo multinazionalek, telefono konpainiek edo banku-etxeek baitzuten festaren antolatzeko eskumena. Baimenik ez genuela eskatuko erabaki genuen orduan. Eta baimenik eskatu ez bagenuen ere heltzen bazen debekua, argi genuen erantzuna: ez obeditzea. Administrazioak eta hauen eskumenak nahasian ziren itsasoan, libertimendua zigortzeko, ostera, eragozpenik ez zuten bat ere. 2003ko abordatzea hondartzara heldu zela, udaltzaingoarekin hondakinen biltzea adosten ahalegindu ginen. Alferrik. Arduradunen identifikazioa eskatzen zuten polizien artean erabaki zuen, bat bateko asanblada busti eta hondarrez jantziak, abordatzeko ontziak udaletxeko atarian uztea. Protesta modura.
Libre garelako eta errebelde! Festaren egiteko baimenik eskatu gabe, hala aritu ginen itsasoan sei urtetik. Zuk zeuk egin filosofia eta parte-hartzea, uste al duzu inork egingo duela zuregatik festa bestela? Abordatzea eraso egitea da, baina baita zer edo zerbaiti ekitea, zerbaiten hastea. Abordatzea izan zen hasierako galderaren segida. Irudimena: protesta eta ospakizuna. Baina batez ere, tresna. Galderak bazuen testuingurua, eta Abordatzea zen erantzunak asmatzen lagunduko zuen aparejua. Kanpo esku-hartzerik gabeko kudeaketak eta erabaki ahalmen autonomoak aukera berrien irudikatzeko espazio bilakatu zuen Abordatzea. Gogoetak eta galderak, aliantzak eta indarrak biltzen ziren abante librean.
Huts egite batek sortu aukera berriak. Ibilera da Abordatzea, gogoa eta gogoetak mugiarazteko bokazioarekin asmatutako tresna. Eta entzuketa ariketa bat, baina ez betierekoa, bokaziorik bazuen, hori desagertzekoa baitzen. Iraungitze data ere jarri genion. Festa ereduaren gogoetak emango zituen erantzunekin batera galduko zuen ahalera, ekimenak ahalbideratuko zuen gogoeta kolektiboaren emaitza ordu arte ezagututakoaren erabat bestelakoa izango zela irudikatu bait genuen 2003 hartan. Eta largabistak kale. Urtetik urtera parte-hartzea bikoizteko ahalera izan du, eta ohartzerako, tresna izan nahi zuen hura galderaren erantzun bilakatua zen. Eta mugiarazteko asmatutako ekimena mugimendu. Hasierako hogeita hamar ontziak berrehun egin ziren, eta mila gero.
Edozer dugu posible Donostia piratan. Entzutea eta ibiltzea eta entzundakotik galdera berriak eginez ibitzen jarraitzea. Abordatzeak zabaldu egoera berriek irizpide berriak premiatzen zituzten ezinbestean; ez baita berdina ehun laguneko eskifaiarekin edo abentura egarriz diren mila festazalerekin abiatzea ataka bandarantz. Ekimenaren arrakastak handi-mandien ezinegona ere areagotu zuen, eta mugimendua aurrez aurreko negoziaketetan paratzeko aukerak ireki. Honela, 2010eko jai egitarau ofizialean egokitu zen Abordatzea, mugimenduak La Flamenka antolatzeko eskumena erdiesten zuelarik.
Protesta eta festa, biak batera izatetik, festa handia izatera heldu da gaur egunean. Are, abuztuko jaietako festa ekitaldi ausart eta erreferentzia gehienekoa ere bada. Eta ospakizuna erakunde publiko ezberdinekin batera antolatzen bada ere, ekarri nagusiak mugimenduko hamaika kideren borondatea izaten jarraitzen du. Donostiako Piratarik gabe ez bait litzateke Abordatzerik izango. Hamabost urteko abenturan hamabost eta gehiago izan dira irakaspenak, baina gauza bat itsasargia baina argiago dago: auzolan erraldoi hau antolatzeko gaitasunak eta autonomiak behar denerako apareju izateko ahalera ematen dio Abordatzeari. Biba Pellot eta biba festa! Biba zuek!
Alex Martinez eta Markel Ormazabal, lehen abordatzearen antolatzaileak