Borrokaren aitortza
Martxoaren 8a hurbildu ahala, urteko balorazioa egiteko ohiturari eutsi nahi nioke, urtero jakin nahi izaten baitut aldaketarik izan den ala ez, emakumeok hobera egin dugun ala ez, gizartea aldatu den ala ez, (apur bat, bederen). Eta horretan nago, urtearen joanari begira. Azken hilabeteotan pil-pilean egon da gaia estatu mailan gertatu diren lege aldaketak direla eta (trans legea, abortu legea, Soilik bai da bai legea) aurrerapausoak ukaezinak dira, baina aurrerapen hauek ez dira batere errazak izan.
Beste behin aurrerapauso feministak izan direnean erreakzio patriarkala azaldu da bere aurpegi gordinenean. Matxisten eskutik datorrenean ez dit asko eragiten, badakigulako patriarkatua sostengatzen dutenek oztopoak jarriko dizkigutela bidean, baina «feminista» deitzen diren kide batzuek trans legearekin hartu duten jarrera atzerakoi eta baztertzailea mingarria izan da oso. Dena den, kasu honetan denborak arrazoia emango digu eta egiaztatuko dugu lege hau gizarte inklusiboago bat lortzeko pauso txiki bat izan dela.
Zer esanik ez Soilik bai da bai legearekin: esaten dutena esaten dutela, indarkeria matxista aurre egiteko tresna instituzional potentea da eta izango da.
Baina ez nituzke soilik aurrerapauso formalak adierazi nahi. Gogorarazi nahi dut aurrerapen formal hauek guztiak feministon borroken ondorio direla. Beraz, ez dezagun ahaztu lege hauen atzean dagoena urte askotako borroka dela eta mezu feministak barneratu izanaren isla direla, eta hor ez dagoela atzerapausorik.
Gizartean gertatzen diren eraldaketak ez dira legeen bidez lortzen, norbanakoen borrokaren eta lanaren ondorioz baizik; hau da, egunez egun bestelako gizarte eredu bat irudikatzen eta lantzen duten pertsonek sortzen dute eraldaketa. Hori ondo ikasi dut Donostiako Asanblada Feministako bidelagunekin gizarte eredu berri bat irudikatu eta gauzatu dugun urte guztiotan, feminismo antikapitalista, antiarrazista eta transfeminista bat landuz. Halaber, ikaskide izan ditut nire KAS-eko (Kaleko Afari Solidarioak) bidelagunak. Haiekin batera ikasi dut zaintza, goxotasun eta borrokaren bidez Donostia justuago, inklusiboago eta arrazakeriarik gabekoa egunero-egunero sortzen.
Beste behin, eskertu eta zoriondu nahi ditut Donostia justua, inklusiboa, feminista eta parekidea garatzen laguntzen duten kide guztiak.