Burujabetza
Independentzia aldarrikatzen dugunean adierazi nahi dugu estatu propio bat nahi dugula. Euskal Herri osoa, hau da, zazpi lurraldeak osatutako egitura politiko aske bat.
Aldiz, burujabeak izan nahi dugula diogunean adierazi nahi duguna da gure bizitza, komunitatearen bizitza ekonomikoa, soziala, juridikoa, energetikoa, elikadurari dagokiona, lan munduari dagokiona, etxebizitzen politikari dagokiona, hezkuntzari dagokiona, zaintzari dagokiona eta abarri dagokiona guztion artean adostutakoa izan nahi dugula.
Egia da munduan modu batera edo bestera, gutxiago edo gehiago inor ez dela erabat burujabea. Egia da, halaber, garaian garaiko erronkak ditugula, gaindi ezinak iruditzen zaizkigunak, maiz, eta hor gabiltza betiereko borrokan biziko bagina bezala.
Batzuetan botila erdi hutsik eta beste batzuetan erdi beterik ikusiz, aurrerapausoak emanez, eta zenbaitetan atzerakadak jasanez. Ezina ekinez egina leloa geure eginez, ezinezkoak derizkiogun helburuak alde batera laga eta lorgarriak ditugunak landu eta garatu beharko ditugu.
Burujabetzari dagokionez, une honetan, besteak beste, gure egunerokotasunak zein ditugun ezaugarritzen saiatu beharko dugu. Beraz, energiaren burujabetasunaz hasiko naiz. Izan ere, azken aldi honetan leku batean baino gehiagotan bolo-bolo dabilen gaia dugu. Orain dugun menpekotasunetik atera nahi dugu, eta ez da erraza. Herri eta eskualde batzuetan udalek iniziatiba hartu dute eta euren eskualdeko mendietan haiza errotak jartzeko proposamenak plazaratu dituzte.
Oraindik, jarri ez jarri erabakitzen ari garen –eta ez dira arrazoiak falta aukera baten edo bestearen alde egiteko– garaian gaude. Bestalde, burujabetza posible ez dela esaten dutenak ere badaude. Arazoari irtenbide bat emateko formulak badaudela eta jo-ta-ke horretan dabiltza. Ea gai garen guztion artean adostasunak lortu eta aipatzen ari garen burujabetza diogun horretan aurrera egiten asmatzen dugun.
Elikagaien burujabetzara pasatuko naiz. Arlo honetan ere erronka galanta daukagu. Jaten eta edaten dugun gehiena kanpotik ekartzen dugula kontuan hartuta, ditugun aukerak aztertu beharko ditugu, horrela, dugun menpekotasuna murriztu dezagun. Uste dut, gure baserriak biziko badira administrazioak zer egin handia duela sektore hau egituratzen.
Azkenaldian, batez ere, abeltzaintzan ari direnak, hau da, esnearen ekoizpenean, konturatu dira zenbat eta esne behi gehiago orduan eta aberastasun handiago bezalako leloak ez direla egia, kontrakoa baizik, hau da, hobe dela abeltzainak dituen lurrak ekoiztera mugatzea bere esne ekoizpena lortzeko, horrela, desazkundea garatzea eta hori ondo egiteko administrazioaren laguntza beharrezkoa izango da.
Burujabetzarekin jarraituz, familia osatzeko dugun ezintasuna ere kontuan hartu beharrekoa izango zaigu. Horrek, etxebizitza politika egokiak eskatzen ditu, baita soldata duinak izatea ere.
Halaber, Donostia bezalako hiri turistiko batean arestian aipatu dugun desazkundea, desazkunde turistikoa izan beharko du baldin eta ongizate jendarte bat lortu nahi badugu.
Jarrai genezake beste arlo batzuez, ordea, oraingoz hemen utziko diogu. Gogoan izanik burujabetzan aurrera egitea independentziari edukia ematea dela.