Denbora urrea da?
Azkarra izatea modernotasunarekin eta aurrerapenarekin lotuta dago, aldiz, makala izatea atzerakoia eta desegokia izatearekin.
Goiz jaiki, azkar-azkar gosaldu, azkar-azkar garbitu, jantzi eta azkar-azkar lanera. Lanean ordu pila egin, lanetik irten eta azkar-azkar etxera. Astean behin edo, azkar-azkar erosketak egin azkar-azkar libratzeko, azkar-azkar kirolen bat egiteko… Hori guztia sistemak, kapitalak ongi funtziona dezan. Beraz, geu gara sistemaren gasolina, kapitalaren erregaia.
Orain modan dauden etxalde erraldoiak zer dira? Azkar-azkar abereak hazteko etxaldeak. Azkar-azkar etekina atera, hala moduzko okela sortu eta aurrera.
Gazteleraz prontomania esaten zaio guztia azkar egin beharrari, horrek prestigioa ematen duela uste dugulako eta pertsona okupatua, profesional handiaren itxura eragiten dugulako, alegia, presarekin bizitzea gaur egungo bizitzeko estiloa dela uste dugulako.
Pentsatzen dugu desiratzen ditugun gauzak lortzeko presaka bizi behar dugula. Zertarako eta horrela, desio ditugun gauzak eskuratu ahal izango ditugula uste dugulako. Eta desioan dago oinarrituta kapitalismoa. Behar duguna baino gehiago kontsumitu nahiak gure hutsune existentziala agerian uzten duela konturatu gabe. Gainera, dirua pilatu nahiak ustelkeria eragiten du. Osasuna galdu arte dirua pilatzen duenak ondoren dirua galtzen du osasuna berreskuratzen.
Gure presarekin lotutako adibide garbia da AHTaren eraikuntza. Inoiz amaitzen ez dena eta zertarako eta norentzako onuragarria izango den inork ez dakiena. Laster hasiko dira, hasi ez badira, Donostiarako sarrera egiten. Donostiatik Bilbora eta Gasteiza joan-etorria egiteko azkar-azkar (hori baldin eta hiriburuan bizi bazara). Ordu erdi aurreztuko omen duzu, ondo ordaindu ondoren, jakina. Presaka ari dira lanak egiten, eta beste ezbeharren artean, oraingoz 28 iturburu desagertarazi omen dituzte.
Euskaltegietan, denbora lantzeko ipuin moduko bat agertzen den orri bat erabiltzen da: bi lagun, bata zuria eta bestea beltza dira protagonistak.
Gizon beltza arrantzan ari da, eta gizon zuria hurbiltzen zaio zertan ari den galdezka. Gizon beltzak arrantzan ari dela, eta bazkaltzeko adina arrain harrapatzen duenean etxera joango dela. Gizon zuriak galdetzen dio ea zergatik ez dituen arrain gehiago harrapatzen. Horrela arraina salduta txalupa erosiko lukeela eta txaluparekin arrain gehiago harrapatu. Arrain gehiago harrapatuta diru gehiago izango lukeela eta horrela txalupa gehiago izan. Txalupa gehiago eta lagun gehiagorekin arrain gehiago. Arraina saldu eta are, irin lantegia eraiki eta aberastuko litzatekeela.
Gizon beltzak galdetzen dio ea aberastu ondoren zer egingo lukeen. Gizon txuriak erantzuten dio aberatsa izango balitz, patxadan biziko litzatekeela eta nahi duenean arrantza egitera etorri.
Gizon beltzak erantzuten dio horixe egiten ari dela, patxada ederrean.