Desazkundea (II)
Desazkundearen gaiak hausnarketa askorako ematen du, izan ere, gaurkotasun gero eta handiagoa dauka, eta aurrera begira handiagotzen joango da bizi dugun mundu honetan.
Zalantzarik gabe, nahi edo ez, desazkundea izango da gure gizarte kapitalista honetan, jada badagoela esan beharko genuke, kapitalismo globalak hondoa jo baitu.
Ekoizpen etengabearen eta hazkunde mugagabearen dogma ez ezik sinesmen eta mito kapitalista, eta beharbada esan genezake sozialista eta komunista, guztiok partekatzen baitugu, mugatua den mundu batean jasangaitza eta bidegabekoa da etorkizuneko belaunaldientzako.
Desazkundearen ikuspuntutik ongizatea indartu eta kontsumoa minimora murriztu beharko dugu, edozein produktu erosterakoan bere iraupenari begiratu beharko diogu, alegia, birziklatzeari eta berrerabilpenari lotuta izan beharko du. Gaurko tresnen «zaharkitze programatua» ez da onargarria.
Halaber, esan behar da garapen jasangarria edo eta iraunkorra kontzeptua bera, hau da, gaur administrazioan, batez ere, erabiltzen dena ez dela zuzena kontraesankorra baizik, zeren eta aldi berean oximoron eta pleonasmoa baita, hau da, garapena da ala iraunkorra, baina ez biak batera.
Gaur egun, jasangarria edo iraunkorra guztiari esaten zaio. Hastapenean, ingurumenaren eta kohesio sozialaren aldeko mezua bazen ere, adjektibo hori guztiari jartzen zaio ( esate baterako, Corrugadosi) eta, beraz, ez du ezertarako balio.
Donostiara etorrita, martxoaren 31n Satorralaia elkarteak hitzaldi bat egin zuen Okendoko kultur etxean izenburu honekin: Geologia eta ekonomia. Begirada kritikoa. Jakina, gaia Metroari buruz zen, iragarri bezala. Bertan hitz egin zutenak Antonio Aretxabala geologoa eta Nekane Jurado ekonomista izan ziren. Lehenengoak metroan izan ziren eta etorkizunean izango ziren arazo ekologikoei eta geologikoei buruz hitz egin zuen, eta Nekanek, berriz, obra horrek izan duen eta izango duen gain kostu izugarriari buruz hitz egin zuen.
Ez naiz hasiko xehetasunak azaltzen; hori nahi duenak Satorralaiak duen webgunera jo dezake. Bakarrik esango dut metro hori edozein ikuspuntutatik begiratuta, hain zuzen ere, desazkundearen kontra doan eredua dela, alegia, astakeria izugarria. Argi dago kapitalismoak ezin duela jasan ekoizpenaren murrizketa eta kontsumoaren murrizketa bere logika ekonomikoan.