Desazkundea (III)
Eneritz Otamendi Igeldoko Ondazarte baserrikoa da, esnea ekoizten du. Gara egunkarian egin zioten elkarrizketa (apirilaren 23an), eta beste gauzen artean esaten du: askotan aldarrikatu dugu desazkunde kaotiko bat baino trantsizio ordenatu bat behar dugula
Gainera, esaten du, desazkunde batera kondenatuak gaudela, klima aldaketa datorrela, gertuagoko egituren beharra dagoela eta abar.
Nola irudikatzen duen etorkizuna galdetuta, esaten du tamaina txikiagoko baserritar gehiago egotea litzatekeela ideala. Halaber, erakundeek, gaur egun, desazkunderako gogoz dauden ekoizleen bidelagun izan beharko luketela. Abandonatu eta ezin horretan bakarrik utzi beharrean laguntza eta aholkularitza eskaini beharko luketela. Hori egingo balute jende pixka bat animatuko litzatekeela, uste du.
Eneritzek dio eremuari lotuta ekoiztu beharrean oso baserri mendekoak egin dituztela eta guztia kanpotik erosi behar dutela, eta ondorioz merkatuko prezioen menpe daudela.
Medioetan, gai honen inguruan iritzi gehiago ere agertu dira egun hauetan eta egia esateko iritzi kontrajarriak ere bai zenbaitetan. Adibidez, Jose Manuel Naredoren iritzia agertu zen Garan maiatzaren 15ean gai honen inguruan, eta hau zioen beste gauzen artean: ekonomia gorantz zihoan garaian sortu zen desazkundearen kontzeptua, kritika moduan. Baina, orain sistemak berak dakar desazkundea, beraz, ez da erakargarria, batez ere, lanpostua galdu edo eta soldata jaisten ikusten duenarentzako. Alegia, sistemak berak eragiten duela desazkunde hori. Gizon hau ekonomista eta estadista da.
Ikusten dugun legez, iritzi desberdinak daude gai honen inguruan, baina, etorkizun laburrean aldaketak datozela ezingo dugu ukatu. Horrek, eraman behar gaitu datorkigunaz hausnartzera eta irtenbideetan parte hartzera. Adibidez, letorkigukeen langabezia nola saihestu pentsatzera. Aspalditik ari gara esaten lan ordu gutxiago egin behar genituzkeela eta ez dugu aurrerapausorik ematen.
Serge Latouchek desazkundearen teoriaren oinarrizko irizpideak ematen ditu:
• Berrikusi balio indibidualistak eta kontsumistak eta kooperazio ideiengandik ordezkatu.
• Berkontzeptualizatu egungo bizimodua.
• Berregituratu produkzio sistemak eta balio eskala berrira egokitu harreman sozialak.
• Berkokatu, alegia, murriztu nazioarteko merkantziek eragindakoa eta erraztu gertuko ekoizpena.
• Aberastasuna banatu.
• Berrerabili eta birtziklatu. Ekoiztutakoaren bizitza denbora luzatu alferrikako gastua ekiditeko. Azkar alperrik galtzen diren ekoizpenak saihestu.
• Hobeto bizi gutxiagorekin.
Azkenik esan, desazkundea ez dela ikusi behar zerbait negatiboa balitz bezala, beharrezkoa balitz bezala baizik.
Desegin garapena mundua berregiteko.