Desazkundea
Egun, batez ere, mendebaldeko eta gainerako estatu kapitalistek duten estatusa kritikatzeko erabiltzen den mugimendu politiko, ekonomiko eta soziala da desazkundearen teoria eta praxisa. Hau da, daukagun hazkunde ekonomikoaren kontrako mugimendua.
Desazkundeak, egun, dugun kontsumo eredua kritikatzen du. Etengabeko hazkundea kritikatzen du, horrela, garapen etengabearen kontra egiten du. Jendarte sozial justuago bat izango delako ustearekin, ongizate soziala eta ingurumena errespetatuko duen jendartea helburu jarriz.
Desazkundeak, hazkundeak egiten duenaren aurka , ez du BPG, barne produktu gordina, erreferentziatzat hartzen gure sistemak egin ohi duen moduan. Desazkundeak ongizatea hartzen du adierazle, beraz, litekeena da BPG murriztea desazkundea ematen den neurrian, adierazle hau ez baita lehentasuna duena.
Desazkundeak autonomiari, zaintzari, auto-antolakuntzari, ondasun komunitarioari, zoriontasunari eta elkarbizitzari ematen dio lehentasuna. Izan ere, oraingo ereduak, esate baterako, ez du Iparra eta Hegoaren gaurko arrakala deseginduko.
Desazkundea, gaur egun, erabiltzen dugun garapen jasangarria, edo garapen iraunkorraren paradigmaren aurka dago ez baitu uste kontzeptu hori egokia denik egungo hazkunde eredua aldatzeko.
Baliabide berriztagarriak ez direnak ( petrolioa, gasa, ikatza, zenbait metal eta abar) gutxitzen doaz eta agortu daitezke epe laburrean jasangarria ez den erritmoan erauzten edo ateratzen badira. Egoera horren aurrean asko dira esaten dutenak ordezkoak aurkituko dituztela. Beste askok, ordea, uste dute hori ez dela posible izango. Horregatik, daukaguna mantendu ahal izango den eredu jasangarria beharko litzatekeela.
Dena dela, kontua ez da hori, jendartean ditugun balioak aldatzea baizik, alegia, ditugun balio sozialak, ekologikoak eta ekonomikoak birplanteatzea. Gandhik esaten zuen bezala: xume bizi guztiok bizi gaitezen.
Desazkundea, berez, antikapitalista da. Izan ere, hazkundeak kapitalaren etengabeko aberastasun pilaketa bilatzen du, eta ezinezkoa da logika ekonomiko horretatik ekoizpenari eta kontsumoari murrizketarik egitea.
Desazkundea, nahiz eta gero eta indar handiagoko pentsamendua eta praxisa izan munduan, oihartzun eskasa du medioetan, zeren eta antikapitalista denez jokoz kanpo uzten baitute. Medioak euren nagusien menpe daude.
Donostian, desazkundearen ikuspuntutik begiratuz astakeriarik adierazgarrienak, nire ustez, metroa, AHTa, turistifikazioa eta etxebizitzen politika izango lirateke. Horrez gain, uste dut, erakundeen politika kritikatzeaz gain hiritarrok, norbanakook badugula zereginik pentsamendu eta praxis horretan bizi nahi badugu. Adibidez, prest al gaude gure bizi maila murrizteko?
Egia esan ez ginateke bakarrik aurkituko, izan ere, munduan zehar gero eta pentsalari, jakintsu eta intelektual gehiagorekin aurkituko ginateke, bide horri ekin diotenak, jada.
Desazkundearen ildoan hiru egitasmo:
• Unibertsalak diren zerbitzu publikoak bultzatu.
• Soldata duina eta 30 orduko lan-astea.
• Aisialdia ez dadila kontsumoaren sinonimoa izan.