Durrutiren testamentua
Informazioa egiaztatua eta ona zen. Etxe horretan jende ugari bizi izandakoa zen, eta barruan Buenaventura Durrutiren testamentua ezkutaturik zegoela jakitea sinestezina iruditzen zitzaidan. Etxea hutsik dagoenez, egungo jabeak barruan bilatzeko baimena eman zidan (hau miraria zela iruditzen zitzaidan), eta baldintza bakarra zen ezertxo ere ez haustea.
Autonomia kalean dago, Amaran. Aipatu gabeko “xehetasun” txiki bat dago, 1936ko uztailean Manuel Chiapuso Bertan bizi zela ez baitut esan. Testamentua Garraio Sindikatu Bakarrari esker (Sindicato Unico de Transportes) bere eskuetara iritsi zen, eta 1920ko hamarkadatik urrea balitz bezala gordetzen zuen.
Durrutik Donostian bi urte eman zituen, eta tarte horretan banketxeetan eta Arte Ederretan ekintza armatuen bidez zenbait plusbalia berreskurapen burutu ziren, eta helburu bera lortu asmoz enpresari bat ere arrestatua izan zen. Los Solidarios taldea osatzen zutenek langileriaren aldeko pistolaren agindua oso ongi ulertzen zuten. Gregorio Suberbiola eta Manuel del Campo Kursaal kasinoko langileak ziren, eta hauekin aritu zen. Berak kamioia hornitzen zien bitartean, Alfonso XIII.aren aurkako ekintza iraultzailea zehatz-mehatz antolatzen zuten. Tunel baten bidez mina bat jarri behar zuten, baina zertan ari ziren jakin zenean alde egin behar izan zuten. Francisco Ascaso ere Donostian egon zen, eta Anido izeneko Bartzelonako gobernadore militarra Donostiara atseden bila zetorrela jakinik, exekutatu nahi izan zuen.
Lehen aipatutako etxean sartu nintzenean, eraberritu gabeko gela bati erreparatu nion. Biltegi moduan, arropa lisatzeko eta honelakoetarako erabiltzen zuten. Espetxean garaturiko senaren eraginez, zurezko zokaloak hobeki ikusteko makurtu nintzen, eta berehalaxe denborak horituriko gutunazal tolestu bat zokalo batean ezkutaturik aurkitu nuen. Bihotzaren taupadak biziagotu egin zitzaizkidala sentitu nuen. Gutunazala zabaldu nuenean orri txiki eta higatu bat besterik ez zegoela ikusi nuen, eta paper horretan idazmakinaz idatzitako esaldi bakarra zegoen : FAXISMOA SUNTSITU.
Orduan nire ameskeria ulertu nuen, ez baitzen bere testamentua, XX. mendeko 1920ko hamarkadan (orain dela 100 urte, beraz) Donostian utzitako bere ondarea baizik. Antolatu beharra dago.