Ebakuntzak
[Maiatzaren 24an bidalitako gutuna]
Kaixo Sagardui anderea. Orain dela gutxi esan zenuen ebakuntzetarako bataz besteko epea 66 egunekoa zela eta argi eta garbi esan nahi dizut hori ez dela horrela inolaz ere, ez gure kasuan behintzat. Nire semeak, Aitzol Iriondok, martxoaren 9an izan zuen kontsulta anestesistarekin eta oraindik ez du inolako deirik jaso. 2022ko urtarrilean hartu zuen baja, bost hilabete itxaron behar izan zuen errehabilitazioa egiteko, hiru hilabete erresonantzia egiteko, horiek egin ondore ez da errekuperatu eta handik hiru hilabetera neurozirujauarekin izan zuen kontsulta. Urtebeteko baja amaitu ondoren, sei hilabeteko luzapena eman diote. Ikusten ari naiz sei hilabete horiek amaitu ondoren ere ebakuntza egin gabe eta osatu gabe egongo dela lanera itzultzeko. Esadazu mesedez zer egingo zenukeen zu kasu honetan egongo bazina. Benetan eskertuko dizut gutun hau irakurtzea eta zure iritzia azaltzea. Agur eta ondo izan.
[Ekainaren 20an bidalitako gutuna]
Gaurko erantzunean jarri didazu Aitzolen kasuan berme epea 180 egun naturalekoa dela, eta, gainera, diozu pazientearen kasua berrikusi duzuela eta ez dagoela irizpide medikorik lehentasuna emateko. Hori guztia ikusita, ezin dut ulertu nola adierazi zenuen batez besteko itxarote zerrenda 66 egunekoa zela premiazkoak ez diren ebakuntzetarako, Osakidetzako ospitale guztietan. Eta, horixe da, hain zuzen ere, azpimarratu nahi dudana. Zergatik esan zenuen hori? Ondo geratzeko? Osakidetza ondo uzteko?
Arazo fisikoez gain, ez dakit konturatzen zareten era honetako kasuek sortzen dituzten eragin sozialez: momentuz hemezortzi hilabeteko baja, urtea igaro ondoren Mutuak soilik ordaintzen dio soldataren erdia baino gutxiago, etxebizitzaren mailegua, alaba eta beste hainbat gasturi aurre egin behar izanik. Hori guztia itxarote zerrenda horien ondorioa da eta hori zuen errua da, eta ez gurea, inolaz ere.
Arazo fisikoak ahalik eta azkarren konpontzea nahi dugu, baina itxarote zerrenden ondorioz sortzen diren beste arazo horiek ere oso garrantzitsuak dira eta kontuan hartu beharko dituzue. Adeitasunez.