'EGA, zertarako?'
Iritsi behar zuen eguna. Iritsi behar zuen EGAren gehiegikeria eta amarrua azaleratzeko eguna. Denon diruarekin ordaintzen diren eta denon zerbitzurako beharko liratekeen funtzionario lan postuetarako EGA eskatzea, baztertzailea da. Hizkuntza biak ofizialak diren Erkide Autonomoan gaztelaniazko parekorik ez baita eskatzen.
EGA eskatzea iruzurra da, zalantzarik gabe. Imajina dezagun errefuxiatu siriar bat gurean. Nola eskatuko diogu horri euskarazko titulurik? Nola eskatu gaztelaniazkorik? Imajina dezagun sendagile britainiar bat, ingelesdun elebakarra, oso mediku ona, zirujau mundiala, zertarako behar du horrek euskaraz (edo gaztelaniaz) jakin Osakidetzan postu bat izateko?
Arrazoi osoa dute argudio horiek denak erabiltzen dituztenek. Zeren eta funtzionario izateko denontzat berdinak diren oposaketak pasa behar dira. A!, A!, A! Oposaketak. Hortaz, bi hizkuntza ofizial dituen Erkidegoan funtzionario, kale garbitzaile zein zirujau, izateko oposaketak gainditu behar dira? Oposaketa horien froga erdiak gaztelaniaz izango dira eta beste erdiak euskaraz, ezta? Eta kanpotik datorrenari arabieraz, ingelesez…, norberari euren hizkuntzan?
Arrazoia dute. Ez da EGA eskatu behar funtzionario izateko. Berdintzaile eta demokratikoagoa da oposaketaren erdia gaztelaniaz eta beste erdia euskaraz egitea. Emaitza osoak bi hizkuntzak menderatzen dituela hobeto ziurtatuko bailuke. Estatutuko funtzionario izateko, berriz, lau hizkuntza menderatu beharko lituzkete. Gehiegikeria? Ez, ez. Gehiegikeria ez, berdintasunaren eta demokraziaren aldekoa baizik.
Beñi Agirre, Euskara irakaslea