Erresilientzia pentsiodunen mugimenduan
Joan den azaroaren 16an, larunbatean, euria eta hotza gorabehera, lau hiriburuetako eta eskualde batzuetako 35.000 lagun inguru atera ginen kalera pentsio publiko duin batzuen alde, EAEko eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduak deituta.
22 hilabete dira kalera ateratzen hasi ginenetik, eta, hala ere, pentsiodunen mugimenduak tinko eta borrokan jarraitzeko gogoz dirau. Soldata kaskarrak dituzten pertsona asko –emakumeak bereziki– geratzeko asmoz atera dira kalera, bakarrik ez daudela sentitzen baitute. Izan ere, kolektibo batekoa izatearen sentimendua lagun, indartsu sentitzen dira borrokatzeko eta euren pentsioaren hobekuntza lortzeko.
Nolanahi ere, badira pentsiodunen mugimenduak irmo jarraitzeko eta irauteko lagungarriak diren babes- eta erresilientzia-faktore batzuk. Helburuak pertsonen bizitzaren eta antolatzeko moduen hobekuntzari lotuta daude, toki-esparruan hasieran, lurralde-esparruan ondoren, eta estatuko esparruan azkenik. Era berean, pertsonen parte-hartzea eta erabakiak hartzea sustatzen da. Eta, aniztasunaz gain, mugimendua babesten duten beste faktore batzuen artean mugimenduaren izaera apartidista, zeharkakotasuna eta idazkien eta hitzaldien bidezko kontzientziazio-lana aipa daitezke.
Azpimarratu beharra dago babes –eta erresilientzia–faktoreak lagungarriak direla pentsiodunen mugimenduaren barruan, bera desmobilizatu eta ahuldu nahi duten ideologia kontserbadore eta indibidualistei lotuta agertzen diren arriskuei eta gatazkei aurre egiteko.