Eskola komunitate osoaren garrantzia
Ikasturtearen hasiera dela eta, komunikabide guztietan agertzen ari dira iritzi eta kezka ugari. Denetan protagonistak izaten dira eskolako giza talde berberak: irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Berauen kezkak eta iritziak nonahi aurki daitezke komunikabideetan hainbat gai jorratuz: segurtasun neurriak, ikasleen ratioak, irakasle gehiagoren kontratazioak, gurasoen zalantzak…
Eskola komunitatean, berriz, badaude garrantzi handikoak diren beste langileak, zerbitzuetakoak: jangelakoak, autobusekoak, garbitzaileak, eskola orduz kanpoko langileak… Eta, zoritxarrez, komunikabideetan apenas ez da aipatu ere egiten berauen egoera.
Konfinamendu garaian gauza bera gertatu zen osasun arloko langileen aldeko txalo jotze ekintzetan. Izan ere, komunikabideetan usu aipatzen ziren medikuen eta erizainen aldeko ekimenak. Eta garbitzaileak? Eta bestelako langileak?
Lan sektore batzuen goraipamenak egiten direnean, eta beste sektore batzuk ahaztuta gelditzen direnean, dudarik gabe, azken hauek gutxietsiak edo mespretxatuak sentitzen dira.
Mesedez, deia egiten dizuet komunikabide guztiei zerbitzuetako langileak maizago kontuan har ditzazuen. Batez ere, hezkuntza eta osasun publikoko arloetan, denon lana garrantzi handikoa delako. Mila esker denoi!