'Europaruntz'
Taldearen nekearen inguruan hainbat hausnarketa entzun ditut. Zenbait ezkor samarrak. Ez naiz nekatuko sailkapenean seigarren dagoen talde baten sasoi eta puntu kopurua aztertzen, lorturikoa begi-bistan baitago. Realaren denboraldi bikaina izan dela uka ezina da. Luzea. Eta ibilbide horretan zehar gozatu ederrak hartu ditugu. Oraindik ere, ondo pasako dugu. Hiru partida geratzen dira. Zein baino zein erakargarriagoak.
Jardunaldi honetan Granada hartuko dute txuri-urdinek. Etxean egiten ez dutena, etxetik kanpo egiteko asmoz zelairatuko dira andaluziarrak. Euren habian, zein Los Carmenesetik urrun, hamarna partida galdu ditu Alcarazen taldeak. Halere, erne. Ez fio. Sailkapenaren zuloan edota zulo inguruan dauden taldeek, bizia dute jokoan. Bizi-iraupena. Beraz, Realak, partida eskuartean duela dioenak, egin dezala atzera. Gogoratu dadila iazko partidaz. Denboraldi amaieran bisita egin ziguten orduan ere andaluziarrek, eta azken unean sarturiko golari esker (2-2) puntu bat lardaskatu zuten.
Helburu handiago baten lehian, Realak ez ezik, hurbileko arerioek ere ez dute lan erraza izango. Athletic-ek, gaur, Rayori egingo dio bisita. Eta Jemez asegaitzaren mutilek –bigarren itzuli aparta egin dute– futbol-bolada ona lagun puntuak pilatzen jarraitu nahi dute. Ondoren, derbya jokatuko dute bilbotarrek txuri-urdinen aurka katedral berrian, eta azken partida, amildegitik irten nahi duen Almeriaren aurka arituko dira bizkaitarrak.
Bigarren itzulian oso txukun aritu den Emeryren Sevillak, Vila-real hartuko du Pizjuanen jardunaldi honetan. Ondoren Getafera joango da –beste urtebetez lehen mailan jarraitu nahi du– eta Elx hartuko du, etxean, azken jardunaldian.
Jada, guztia zehaztua dagoela esaten duenik bada. Taldeen azken bolada ikustea besterik ez dago. Baina azken txanpan erabakitzen da guztia. Iaz, Galizian, azken jardunaldian sailkatu zen Reala Txapeldunen Ligarako. Aurten Realak azken partida, etxean jokatuko du Vila-realen aurka. Halere, Europan barrena ibili nahi duten taldeen etorkizuna, jardunaldi honetan erabaki daiteke. Azken jardunaldia jokatu eta astebetera Europako Hauteskundeak ospatuko dira, Reala, jada, lortu du Europan barrena ibiltzeko txartela. Bidaia on!