Euskara planak 20 urte
Euskararentzat eta Donostiarentzat historikoa den data baten 20 urteurrena ospatuko dugu egunotan; izan ere, 1999ko apirilaren 9an, euskararen normalizazio-plan bat landu zuen lehen hiria izan zen Gipuzkoako hiriburua.
Eusko Alkartasuneko Beatriz Otaegi zinegotziaren zuzendaritzapean, hitzetatik ekintzetara pasatzeko bidea egin zen ahalegin politiko transbertsal baten bitartez. 1995ean abiatutako lan luzeak bere fruituak eman zituen, euskararen aldeko 200 neurri aurkeztu baitziren. Eta neurri zehatzak izan ziren denak, hala nola udal- patronatua sendotzea, bertako langileen kopurua eta baliabide ekonomikoak handituz.
Planak anbizio handia eta neurri berritzaile ugari izan zituen, gure Donostia hainbestek amestutako Euskararen Hiria bihur zedin saiatzeko. Eta, aitzindari izanik, erreferente ere bilakatu zen, besteak beste herri-partaidetzan oinarrituz sortu zelako, kolektibo euskaltzaleen eta Beatriz Otaegi zinegotziaren ahaleginari esker.
Ez zen bide erraza izan, ez eta mundu abertzalean ere, eta zer esanik ez oraindik ere euskara sustatzearen aldeko politiketatik urrun daudenen artean. Planak kritika eta erantzun ugari jaso zituen, udalbatzak hura onartzea eragozteko helburuarekin.
Horregatik, giza talde eta pertsona batzuek politika egiteko eta gure hizkuntza maitatzeko izan zuten modu ausartari esker baino ez zen posible izan plana gauzatzea. Pertsonen artetik, bidezkoa da azpimarratzea gure taldekide Beatriz Otaegik euskarako zinegotzi postutik funtsezko neurri berritzaile honi emandako arnas berezia. Era berean, PSE-EEk eta EAk osatutako udal-gobernuaren gainerako kideen lankidetza ezin da aipatu gabe utzi, ez eta oposiziotik ere plan hau aurrera eramateko laguntza eskaini zutenena ere.
Izan ere, zinegotziak adostasuna sendotzeko egindako lanaren ondorioz, indar aurrerakoiek (PSE-EE, EA, HB eta EB) argi berdea eman zioten Osoko Bilkuran Euskararen Normalizazio Planari, EAJ eta PP kontra izan ziren bitartean.
Hogei urte geroago, guztiz aipagarria da alde desberdinetakoen artean, eta euskara batasun-indar izanik, egindako lana, nahiz eta ezer aldatu nahi ez dutenen ahotik edo protagonistak haiek ez direnean ezer aldatzea nahi ez dutenen ahotik kritika interesatuak entzun. Euskal Herriko lehenengo Euskararen Normalizazio Plana anbizio handikoa izan zen, baina, tamalez, gerora oztopo ugari izan ditu Donostiako udal-gobernuan izandako aldaketengatik, ez baita plana onartu zuen gehiengoak adostutakoaren adinako inbertsiorik egin bertan.
Hala eta guztiz ere, gogoan izan behar da mugarria izan zela hura, eta garrantzizkoa izan zela euskarak gure hirian presentzia izan zezan.
Pertsona askoren konpromiso politikoak beharrezkoa zen bultzada eman zion euskarari; horregatik, Eusko Alkartasuneko Batzorde Eragileak gogoan izan nahi du data hura, eta aukera hau baliatu nahi du plana abian jartzea posible egin zuten pertsona horien guztien lana. Alde desberdinetakoen arteko lankidetzatik gure herria eraikitzeko akordioak eratu daitezkeela agerian uzten duen beste adibide bat da.
Javier Estebanez ‘Gorri’, Eusko Alkartasunako koordinatzailea