Euskaraz bizi nahi dugu!
Aurrekoan, Hondarpe Groseko Auzo Elkarteak deituta, kontzentrazioa eta sinadura bilketa egin genituen Zuhaiztiko kiroldegiaren aurrean, bertako karteldegia euskaraz jar dezatela exijitzeko. Ekimen xumea eta garrantzirik gabekoa iruditu arren, behar beharrezkoa da Groseko komunitatearen eraikuntzan. Gure auzoak, Euskal Herriko beste edozein auzo edo herriren moduan, ezinbestekoa baitu herri gisa jasaten dugun zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoa hartzea eta honetarako beharrezko zaizkion tresnak sortu eta eskuratzea.
Euskal herritarra, Euskal Herrian lan eta bizi den hura da; euskalduna, euskara duen oro da. Bi kontzeptu hauek izan beharko dute eraikitzen ari garen Euskal Herriaren oinarri-oinarrizko ardatzak. Ez hauek bakarrik, baina hauek ere bai, ezinbestean. Are gehiago esango nuke: bi ardatz horiek eskutik estu helduta elkarrekin joan beharko dute eraikuntza prozesu honetan.
Onar dezagun, egungo hizkuntz-politikek ez dute euskalduntzeko balio, gehienez ere, euskara altxor exotiko gisa mantentzeko eta pribilegiatu gutxi batzuen ezagugai moduan iraunarazteko balio dute, ez besterik. Hizkuntz-politika horiek beraiek dira egoera diglosikoa bere horretan mantenduz gaztelera eta frantsesaren aldeko botere harremana elikatzen dutenak: euskal herritarren gero eta zati handiago bat euskaratik urrun eta arrotz mantenduz. Honek guztiak, jarrera klasista eta arrazistak ekarri ditu hainbat kasutan.
Sistema kapitalistak, estatu espainol eta frantsesaren bitartez Euskal Herriaren gaineko dominazioan, homogeneizazioa eta asimilazioa tresna funtsezkoa dira. Horregatik da ezinbestekoa Euskal Herri osoan, euskal herritar guztiak euskaldunduko dituen estrategiari ekitea, euskararik gabe ez baita Euskal Herririk izango.
Bide honetan bi puntu garrantzitsu hizkuntz-paisaia eta hizkuntz-politikak dira: euskaldunak hauspotzeko, euskal komunitatearen ikusgarritasunean eragiteko, euskaldun ez direnengan euskara ikastearen beharra sortzeko, euskararen ikasketa unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa bermatzeko eta euskal herritar guztiak euskaldundu ahal izateko.
Estrategia hau, baina, soilik euskal herritarrek eraman ahal izango dute bukaeraraino, ez beste inork. Honen garapena oinarri-oinarritik hasi beharko da: gure herri eta auzoetatik. Askatasuna posible egiten duten komunitateetan.