Ez dut isildu nahi
Sagarduik dionez, ez dago murrizketarik Osakidetzan, baina, nik diot: gezurretan zabiltza behin eta berriro edo betaurreko ezberdinak erabiltzen ditugu egoera bera aztertzerakoan?
Herritar eta osasungintza publikoaren erabiltzaile gisa, murrizketa besterik ez dut antzematen aspalditxo honetan.
Urrutira joan gabe, Aste Santu eta Pazko astean etengabeko Arreta Guneetan (EAG), mediku falta dela eta, erizainek hartu behar izan dute beraiei ez dagokien ardura; hori larria bada, are larriagoa da erabaki ez partekatua izateaz gain, hau guztia informaziorik eta formakuntzarik gabekoa izan dela. Herritarrok ere harriduraz harrapatu gaitu eta atzera eta aurrera, zerbitzu batetik bestera ibili behar izan dutenen kopurua ez da txikia izan. Nahiz eta honen aurrean, Sagarduik, batere gorritu gabe, dioen asistentzia bermatuta dagoela, ziur nago ospitaleko larrialdi zerbitzuen erabilera desegokia ekarriko zuela honek.
Oraingo honetan, iragarki berri bat eman digute: erkidegoan, udaran osasun zentro batzuk itxi egingo dira eta beste batzuetan artatzeko ordutegia laburtuko dela; honen adibide Donostia ere, non lau zentrotan ordutegia estutuko duten. Hau ez al da murrizketa? Niretzako argi eta garbi bai, arduradunek langileen opor eskubideekin mozorrotu nahi badute ere beraien kudeaketa kaskarra.
Behin eta berriro tontotzat hartzen gaituztelakoan nago, baina ez gara ergelak. Ez gara «lau katu» kalean salatu dugunok Osakidetzaren gainbehera; asko izan gara; herritarrak, langileak eta sindikatuak batera ozen adierazi dugu behin baina gehiagotan.
Osasun Sailaren jarrera ikusita, ez dirudi konponketarako beharrik edo ideia bikainik dagoenik, ezta keinu itxaropentsurik ere. Dena «ondo doa». Entzungorraren papera ondo asko betetzen dutela onartu behar dugu. Bestalde, publikoa eta pribatuaren arteko uztarketa horretan gustura zaudete, eta, are gehiago, esango nuke zerbitzu publikoaren galerak, pribatuaren mesedetan, ez zaituztela gehiegi gogaitzen.
Nahikoa da! Pasatu zaitezte behingoz hitz hutsetatik ekintzetara. Har ezazue aintzakotzat eta errespetuz osasungintza publiko euskalduna orokorrean, eta Lehen Arreta bereziki, behar diren hausnarketak, aldaketak eta baliabideak bermatuz. Azken finean, zientifikoki frogatuta dago Lehen Arreta sendo batek herritarron osasunean onurak dakartzala.