Ramon Labaien: 'Ez gaituzte bortxatuko!'
Brem, Vendea lurraldearen itsasertzean kokatua dagoen hiri txiki batean egon naiz, Lopez-Raxoi bikotea 500 kilometrotara edukitzeak ematen duen bakearekin. Kostaldea hemen benetan zabala, itsasoari irekia, hondartsua, beldur pixka bat ematen duen horietako bat. Ez da ikusten non hasten den ezta non bukatzen den ere. Hiriak osatzen dituzten etxe txikiak, itsasertzetik urruntxo, badaezpada.
Hondartza gain-gainean bakarra, Clemenceaurena, Tigrea esaten zioten politikiariarena. 1914-1918ko gerrate nagusi hura irabazi eta bakea galdu zuen gizona. Etsai izan zituen alemaniarrak betirako zapaltzeko amorruarekin, azken finean, Hitler ekarri ziguna. Vendeako lurraldea eta Vendeako biztanleak. Orain direla bi mende gerla odoltsua sustengatu zutenak Frantziako Errepublikaren aurka. Bihotz gorri bat gurutzearekin gainean zutela ezaugarri.
Nekazariak gehienak, benetan heroikoak. Oker ez banago, atzo fede baten sinboloa zen, gaur pegatina turistikoa bihurtu zaie; bertakoek, beraien asabek izan zituzten kemen eta amodioek edo ahulduak edota, gehiengoetan zeharo ahantziak.
Horrela eta guzti, Vendean iraganean gertatutakoek badute zerikusirik Euskalerriko karlistadekin. Diferentzia izanik, gu, euskaldun jendea, gero eta kementsuago ari gara bihurtzen, gure ikurrina ez da souvenir turistiko bat, baizik gure nazioaren alde isuri diren odol eta izerdien sinboloa. Ez garela iraganera begira bizi, baizik etorkizunera. Iraganak sustraiak izanik eta etorkizuna arbola. Eta guk, arbolaren puntan ditugu jarriak gure itxaropenak.
Noski, oporrak beti izaten dira egun bakoitzak ekartzen dizkigun errealitatetik ihes egiteko; etxera bihurtzean, ordea, bata bestearen gainean pilatuak aurkitzeko. Espainiako Estatuaren desastrea, adibidez, PPko artaburuak gero eta larriagoa bihurtzen ari direna. Zentzu eta arrazoirik gabe Euskalerria ere kutsatzen ari dena.
Gure alternatiba bakarra izanik, bata, Estatu espainoletik alde egitea –kostatuko zaigu– eta bestea, Estatu hirrekin ditugu nartu-emanak zeharo, hasieratik bukaeraraino, aldatzea. Guztien kemen guztiak beharrezkoak izango dira, behin eta berriro gure herria ez dadin bortxatua izan. Ibarretxe lehendakariak gure kutxa publikoak diruz bete-beteak utzi zituen. Lopezek, ordea, zorrez, eta gainera ordaindu ezin dituen zorrez.
Arrazoiak, Lopez ez dela ez nahiko argia eta sobera baldarkeria eserita dagoen aulkian egoteko eta hori esateak ez du inor harrituko. Beste hipotesia izanik, Jaurlaritza kiebran utzi nahi dutela, belauniko jarri dadin Madrilekoen aurrean, erreskate bat eskatuz. Prezioa izanik gure eskubide politikoen desagertzea. Auskalo. Hauteskundeak behar ditugula eta bizkor, dudarik ez… Gure iraganaren artxiboaren bazter batean, Lopez jaunarenak gordetzeko, usain txarrak gordetzen diren bezala.
Eta hurrengo hauteskundeetan bi hautagai abertzale ditugu lehendakaritzarako. Nik biak ezagutzen ditut eta baita estimatzen ere. Biak iraultzaileak, bakoitza bere moduak. Iñigo, batetik, pertsona trebea, esperientzia handikoa. Gizon lasaia, bakea lortzeko behar den lasaitasunarekin. Gizon gogorra Euskalerriaren defentsan. Ajuria Eneako neurrian egina. Iraultzailea, gauzak pausoz pauso hobetzen dituena.
Berrituz berritu behar direnak, alperrik gabe apurtzen mantendu litekeena. Nolabait eskuinaren ezkerrekoa. Laura, bestetik, balio handiko andrea, Unibertsitateak ematen duen pisuarekin. Iraultzailea bera ere, dioenez hitzaren zentzu etimologikoan. Horrek ezkerraren eskuinean kokatuko luke, bakardade batean bezala, iraultza neurtu bat buruan, ezker erradikalekoen gustukoa den ala ez, beste kontu bat izanik. Hauteskundeak hauteskunde, emaitzak emaitza, abertzale guztiok espero duguna, hautagai bikote hori nazioari dagokion gaietan bat egiteko gauza izango dela.