Konfinamendua iritsi zenean, parrandetako begirada lizunak ahaztu eta mugikorreko kontaktuen zerrenda errepasatzeari ekin nion. Orduko crush, match eta itxaropena pizten zidaten exen elkarrizketak ireki eta zer moduz zeramaten galdetu nien. Ondo zeudela jakin nahi izateaz gain, asperdura «elkarrekin» pairatzeko norbaiten bila nenbilen. Txakurra besarkatzeaz nekatuta, berrogeialdia arindu eta normaltasuna itzultzean plana izateko estrategia martxan jarri nuen. Txiste txar bat hemendik, argazki berriari buruzko iruzkin inuzente bat handik. Jaja eta jeje asko. Suaren emojia, erreta.
Asteek aurrera egin ahala, banan-banan desagertu ziren. Birusa baino krudelagoa zara, U. Nire bularren argazki bat nahi duzula? Jai daukazu, I. Ikusi arte, V. Ez dut zure aurpegia gogoratzen, C. Sex and the city telesaila milagarren aldiz ikusten ari nintzenez, Carry Bradshaw millennialtzat nuen nire burua, online harremanen porrotean murgilduta. Bi norabideetako ghosting eta orbiting artean, entretenimendua eta interesa errauts bihurtu ziren.
Zaila da hatza eskuinerantz irristatzea zalantza edukirik pertsona hori aurrez aurre ikusi ahalko duzun. Are zailagoa, elkarrizketa jariakor bat bi hilabetez mantentzea, batez ere kontsumo-maitasun sistema hutsal baten barruan. Birtualitatea goraipatzen den garaian, solas berri bat lortzea bildumara kromo bat gehitzea bezalakoa da, baina benetan norbaiten laztanak sentitzeko irrikan gaude.
Guztizko konfinamendua atzean utzita, bilduma txikitzen doa. Eta aitortu behar dut lasaitzen nauela. Zenbatetan irakurri beharko nituzke BOE eta EHAA argitzeko zein fasetan geratu nintekeen auzoan bizi denarekin korrika egiteko, hiriko beste puntakoarekin garagardo bat hartzeko eta zarauztarrarekin bere etxera joateko? Azken asteotan mindfulnessak irakatsi didana ziztu bizian ahaztuko nuke nire buruan ezinegonari betiko tokia egiteko.
Musu eta besarkadak itzultzen diren bitartean, partxisaren aplikazioa deskargatu dut. Antsietatea berriz etortzen bazait, fitxak janda etengabe etxera bueltatzen naizelako izan dadila, taula birtualean jolasten oso txarra naizelako. Inoiz ez dadila izan mugikorretik mugikorrera, etxean zein kalean, sentimenduekin jolasean gabiltzalako.