Fake news-ak
Elkarrizketa filosofikoen azken bi bileretan, Fito Rodriguezek idatzitako Fake News-ak ez dira atzo goizekoak liburuxka hartu genuen elkarrizketa gai. Gainera, egilea bera gonbidatu genuen eta interesgarria eta atsegina egin zitzaigun jarduna.
Berrogeialdian gauden honetan ez dakit Whatsappean fake hauek jaso ez dituen inor egongo denik. Uste dut, guztiok jaso ditugula gezurra diren albiste hauek. Izan ere, horixe baita euskaraz Fake News, gezurrezko albistea.
Fitoren liburuxkak ondo azaltzen du bere esanahia, baita historian zehar izan diren Fake News ospetsuenak zein izan diren ere, eta tituluak dioen bezala, ez dira atzo goizekoak. Agian, berria egiten zaguna izena da. Ezagunagoa egiten zaigu zurrumurrua hitza. Hitz hau, Fake News hitzaren sinonimoa ere bada, edo izan daiteke. Zurrumurrua jendearen jarduna da, gai baten inguruan sortzen diren usteak, iritziak, esamesak… Ez dira ez egiak, ezta gezurrak ere. Denbora izango da askotan erabakitzen duena.
Fake News ospetsuak, batez ere Donald Trump AEBetako presidente egin aurretik eta egin ondoren sortutakoak dira. Donald Trumpek bere herrialdeko prentsa desprestigiatzeko sare sozialen bidez erabili zituen edo ditu, adibidez, New York Times-en aurka. Jendearen sinismenetara, jendearen desioetara, jendearen nahietara jotzen du Fake Newsak. Sortzen dituenak badaki gezurra esan duela, baina, jendearen sinismenekin eta nahiekin bat egingo duela ere badaki.
Fake News gehienak botereak sortutakoak dira. Gogoan ditugu zenbait ospetsuak direlako. Horietako bi aipatuko ditut: bat, 2001eko irailaren 11koaren ondoren Irakek suntsipen handiko armak zituelako berria zabaldu zutenean. Fake News horretan oinarritu eta milaka eta milaka hildako eragin zituzten.
Bestea,2004ko martxoaren 11n, Madrilen trenen aurkako atentatuaren ondoren gobernuak zabaldu zuen ETA izan zela sarraskiaren egilea, jakitun zenean islamistak zirela egileak. Joan gintezke gehiago kontatzen, baina hemen geldituko gara.
Argi dago Fake Newsak edozeinek sor ditzakeela. Esanahi dut boterea duenak eta botere horren aurka dagoenak sor ditzakeela. Zapaltzaileen aurka gaudenon artean badaude artistak Fake Newsak sortzen. Ez naiz hasiko adibideak jartzen. Dena dela, agintzen ari denaren aurka sortzen diren Fake Newsak, ia beti, ibilbide laburrekoak izan ohi dira, logikoa den bezala, nahiz eta arrakastatsuak ere suerta daitezkeen.
Zer agin albiste bat Fake News bat dela jakiteko?
Lehenengo, geure buruari galdetu behar diogu egia ala gezurra den. Ondoren, bere iturria zein den aztertu. Zein den egilea arakatzea ere ondo dago. Datari erreparatzea komeni da. Inguruko beste iturriek zer dioten susmopean dugun berri horren inguruan, eta azkenik, konfiantzazko adituren bati galdetu.
Bukatzeko, esan Fake Newsak ez direla atzo goizekoak, Fitok dioen bezala. Izan direla eta izaten segituko dutela.