Xabier Lopetegi: 'Pitzatuak'
Xabier Lopetegi, Kazetaria.
Aitortzen dut. Aurtengo Futbologia baikor hasi nuen, baina bigarrenerako jada lehen pitzatuak sortu zaizkit aldartean. Realak Eibarren hartutako belarrondokoa ez zen makala izan. Teknikoki maila oneko taldea dugula diote. Ligako lehen erditik gorakoa. Baina zertan mamitzen da hori? Zertarako balio du teknikak, oldarkortasuna eta erritmoa eransten ez bazaizkio? Deus ere ez. Are gutxiago Ipuruan. Txantxa gutxi bertan, jakin beharko genuke honezkero. Baloia ondo erabiltzen duten jokalariak izango ditugu, baina ez gara, inolaz ere, zelaira espekulatzera, tentsiorik gabe, aterata irabazteko bezain onak.
Oker gabiltza garaipenak landu gabe iritsiko zaizkigula uste badugu. Jokalari onak baitauzkagu, bai, baina ez jenialak. Kezkatuta naukate beste taldeetako jokalari eta entrenatzaileek Realari zuzentzen dizkioten laudorioak. Realaren talentuari eta baloiarekiko atxikimenduari egiten dioten gorazarrea. Hobe gehiegi sinesten ez bazaie. Izan ere, salbuespenak salbuespen, aurkari gehienak eroso antzean ibili dira Realaren planteamenduarekin. Aukerak ematen dituelako. Erraztasunak. Jokatzen uzten duelako. Gehiegitxo.
Eusebiori ez zaizkio planak nahi bezain ondo ateratzen ari. Udan aipatu zuen lehen helburua, sendotasunarena, ez da betetzen ari. Bigunegi jarraitzen du defentsan Realak. Nabarmen irabazita ere, Las Palmasi oparitu zion gola, horren lekuko. Baita Eibarrek sortu zion abagune andana ere. Interesgarria litzateke azken urteetan jokalari bat gutxiagorekin erdietsi duen puntu kopurua ikustea, talde baten lehiakortasunaren neurria ematen baitute halako egoerek. Realaren kasuan, lehiakortasun faltarena.
Taldeak ez dio behar adina etekin ateratzen jabetzari. Baloia edukitzea ez luke berezko helburua izan behar, eraikitzeko abiapuntua izan ezik. Jock Stein entrenatzaile eskoziarrak esana da aurkariaren area dela defenditzeko lekurik onena. Hori gauza bat da, ordea, eta bestea, Realari askotan gertatzen zaiona, baloia zelai erdian hegal batetik bestera mugitzea, aurrera egin gabe. Leku arriskutsuetan suarekin jolasean aritzea, aurkariaren kontraeraso gosea elikatuz.
Entrenatzaileak hartutako zenbait erabaki aipatu gabe ezin utzi. Oiarzabal hamaikakotik at uztea; Liga hasi besterik hasi ez denean txandakatzeekin erotzea –eta aldi berean urtebete lesionatuta egon den jokalaria, Navas, egun gutxiko tartean bi aldiz zelairatzea-; Zurutuza atsedenaldian kentzea eta Markel zelaiko edozein txokotan noraezean ikustea; De la Bella bezalako hegaleko puska ihes egiten utzi izana… Baikortasuna baino gehiago, fede itsua behar da zenbait gauzari ez erreparatzeko.