Xabier Lopetegi: 'Normaltasuna'
Xabier Lopetegi; kazetaria.
Denbora kontua zen Granada Bigarren Mailara jaistea, baina Reala izan zen matematikoki haren patua sinatu zuena. Aurretik, Osasuna izan zen Lehen Mailari agur esan ziona, jardunaldi dezenteren faltan. Bi kasuek gogora ekarri zidaten Mestallako arratsalde beltza, Reala trantze beretik igaro zenekoa.
Aspaldiko kontuak dirudite, baina ez da hainbeste denbora pasa. Hamar urte beteko dira ekainean. Denboraldi dezente zeramatzan taldeak amildegi ertzean, eta erori egin zen azkenean. Erasoan baliabide falta, eta defentsako ahultasuna izan ohi dira beheko postuetan dabiltzan taldeen galbidea. Halakoetan, Murphy-ren legeak ez du barkatzen: gaizki atera daitekeen guztia, gaizki ateratzen da.
Aurten, ordea, ez da halakorik. Gozotik dabil taldea. Azken esprintaren azken pedalkadak baino ez zaizkio gelditzen Europarako sailkapena ziurtatzeko. Eta hala ere, badirudi ez zaiola behar adina garrantzia ematen, edo gozatu beharko genukeena ez garela gozatzen ari. Azken partidan, 18.000 ikusle izan ziren Anoetan. Europara txartela jokoan egonda, deigarria da, inondik ere. Badirudi lorpena ez dela nahikoa batzuentzat. Europa Ligarako sailkatzea, azterketa bosteko notarekin gainditzea dela. Normala dela. Ohikoa. Eskatu behar zaion gutxienekoa. Hala uste dutenei, galdetu beharko litzaieke zenbatetan lortu duen Realak halakorik azken hamarkadetan.
Egia da, Txapeldunen Liga jokatuko duten oilarren arrastoan ibili zela momentu batean taldea, horrek ilusioari hegoak eman zizkiola, eta ondorengo emaitza bolada txarrak etsipen puntu bat sortu zigula jarraitzaileoi. Baina beherakada hura testuinguruan jarri behar da: lesioek baldintzatutako testuinguruan, alegia. William Jose, Illarramendi eta Zurutuzaren hutsuneek jota utzi zuten taldearen bizkarezurra. Agirretxe eta beste batzuk ahaztu gabe, noski.
Ezinezkoa zen egoera ez nozitzea. Batez ere erdilariena, haiek baitira taldearen gorputza eta arima, motorra eta sormena, birikak eta burua. Harrez gero, ordea, Realak bikain eman dio buelta estualdiari, azken bost norgehiagoketatik lau irabazita, baina arerioek ere ez dute hutsik egin. Zirrararik ez da faltako azken txanpan.
Osasuna baloratzeko, oinazea behar dugu tarteka. Oparotasuna baloratzeko, eskasia. Lasaitasunari duen balioa emateko, egonezina. Zoriontsuak ez izateko arrazoiak topatzen iaioak gara sarritan, gogoa falta zaigun horretan jarrita, daukagunari bizkarra emanda…danbateko batek oinak lurrera itzultzen dizkigun arte. Beste horrenbeste futbolean. Ez dezagun ilusionatzeko gaitasuna galdu, eta goza dezagun Reala egiten ari denarekin, garai latzagoak etorri aurretik. Normaltasuna hau baldin bada, zorioneko normaltasuna!