'Gaitzespena'
Xabier Vazquez, Realzalea
Aurrekoan Etxanizi laudorio merkeen inguruan irakurri nion. Etzaiozue esan, baina nahiko ados nengoen. Gaztea denean batek beti uste du bere nagusiagotxoen ideiak irauli egingo dituela, baina egun batean konturatzen da gero eta adostasun handiagoa duela zaharrekin.
Egia da telebistako esatarien laudorioak beti merkeak direla, askotan saiatzen dira arerioa ez mintzen. Errealitatea baina, orokorrean aurkakoa izaten da, gehienetan erabat mingarriak izaten dira, nahiz eta errudun nagusiak beste batzuk diren. Mallorcako partidaren esataria dugu adibide nabarmenena.
Zaleen hitzak, ordea, Etxanizen arabera garestiak dira. Eta berak ezagutzen ditu, izan ere bere futbologiek Arestiren hitzei ohore egiten diete: «nire poesia poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari». Bada zaleen hitzak merkeak direla esango nuke. Oso erraza zaigu zaleei iritzia ematea, eta egun batetik bestera aldatzeko joera dugu; gure taldeak berebiziko bidea ematen baitigu iritziak aldatzeko, bere gorabehera itzelekin.
Halere, badira ondo merezitako laudorio zein gaitzespen hitzak. Gure Muñiz Fernandez maiteak lotsaz zikindutako orri bat idatzi baitzuen. Begitan hartu gaitu eta gominari bezainbesteko afizioa dio gu izorratzeari.
Jokalariek dutela erru nagusia? Bai, hotz atera ziren lehen zatian, baita bigarrenean ere, eta txakurraren muturra bezain hotz utzi gintuzten partidaren kondarretan. Espero dut Marigaren agurra izateagatik jokalarien omenaldia besterik ez izan izana larunbatekoa.