Gure armairu txikiak
Egia esan, ez dakit nola iritsi zen elkarrizketa puntu horretaraino baina lankideekin kafea hartzen ari nintzen batean, ezkontza klasikoak izugarri gustatzen zaizkidala esan nien. Baietz, beti pasa izan dudala oso ondo eta pila bat gozatzen dudala, lagun batek utzitako soinekoarekin dagoen iloba eta azken hiletatik jantzi ez duen trajearekin doan osaba David Bisbalen Ave Maria dantzatzen ikusiz.
– Ba, ez dizu batere pegatzen! – esan zidan azken urtean zazpi ezkontzatan egotea tokatu zaion lankideak.
– Ba, seguruenik ez baina gustatu egiten zaizkit – erantzun nion.
Eta aurreiritziak zenbatetan okertzen diren pentsatu nuen gero.
Baina egia da, azken urteko zazpi ezkontzen bezpera bakoitzean aritu dela lankidea kexaka: garestiak direla, aspertu egiten dela, ez dakit zer dela… eta nik zortzigarrenera arte ez diodala esan Paquito El Chocolatero-ren lehen notak entzun orduko altxatzen naizela mahaitik.
Horra matematika irakasle, euskaldun, sasi bertsolari eta sasi intelektual baten armairu txikietako bat; orain arte, nire koadrila ez bertsolari, ez euskaldun ez sasi intelektualak baino ezagutzen ez zuena.
Eta nago, guztiok ditugula geure barruan, gure armairu txikiak; etxekoak ez bezala, dauden inguruaren eta inguruan daudenen arabera itxi eta irekitzen direnak.
Eta badakit, ateak kanporantz irekitzen badira barruan leku gehiago gera dadin dela, baina zorionez, horrela, errazagoa da irtetea sartzea baino. Egin bultza!