Gure bizitzaren gaineko erabakiak hartzen ahalegintzen gara. Zergatik ez teknologian?
Burujabetza zerbaiten gaineko erabaki ahalmena eta askatasuna izatea da. Guztiok bilatzen dugu hori, gure bizitzaren gaineko erabakiak hartzen ahalegintzen gara, aske sentitu nahi dugulako, gure nortasunari leial, seguru eta egonkor, ez ezeren edo inoren menpeko. Gure buruarekin koherentzian bizitzea garrantzitsua da guztiontzat. Baina koherentzia hori arlo digitalean aplikatzen dugu? Erabiltzen dugun teknologiari buruzko erabakiak hartzen ditugu?
Modu burujabean kudeatu ezin den teknologiak norberaren koherentzia mehatxatu dezake, ekonomia parte hartzailea alboratu dezake, norberaren esparru pribatua eraso, komunitatearen ekarpenei ateak itxi, hizkuntza txikienei hegoak moztu eta ingurumena zaintzeko ahaleginak zapuztu.
Aldiz, teknologia burujabeek aske egiten gaituzte, garena zaintzen dute. Aukera iraunkorragoen, gizatiarragoen eta arduratsuagoen erakusleiho dira.
Zorionez, ez gara etorkizunaz ari, orainaz ari gara. Ideia berriez ari gara, mundu bidezkoago, libreago eta seguruago baten alde lan egiten duten pertsonez ari gara. Google unibertsotik harago, software librea herritarrei hurbiltzeko lan egiten duten kolektiboez, euskarari lekua egiten dioten proiektu teknologikoez.
Urriaren 26an San Telmo museoan izango den Euskarabildua jardunaldiaren helburua Google unibertsotik harago dauden aukerak ezagutzea, erabiltzea eta partekatzea da. Aurtengo leloak dioen moduan, Utopiatik egunerokora. Google gabe, aukera burujabeak badira.