Gure mugak
Irakasle izateak eskolan lantzeko gaiak aukeratzeko parada ematen du. Hala, nik hautaturiko eztabaidak eraman ditzaket eta ikasleen iritziak jakin. Aurrekoan, Hondarribiko aireportuari buruzko erreportaia izan zen, Berria-tik hartua. Iritziak esperotakoak izan arren, kezkaturik bukatu nuen eskola.
Hondarribiko aerodromoa beharrezkoa ote zen epaitzeko, pare bat aldiz aipatu nuen Biarritz ere hor dela. Bigarrenean, ordea, «zer daukazu Biarritzekin? Hori Frantzia da», erantzun zuen ikasle batek. Talka ez zen «estatuetara» mugatu. Bizkaitarrek eskura zituzten aireportuei buruz, Santander hor zegoela esan nuenean, «baina hori ez dago Euskadin», bota zuen pertsona berak.
Hauen ustez, beraz, afera egitura administratibo bakoitzaren baitako azpiegiturak dira. EAEk bereak behar ditu. Are, baita herrialde bakoitzak ere. Ez axola bide du «Gipuzkoako» aireportua Eibar edo Arrasateko bati Bilbo edo Forondaren antzera geratzea. Garrantzia bertan kokatuta egoteak du, ez zein/zenbat herritarri ematen dion zerbitzu.
Hondarribikoaren defentsa hedatuena hala laburbildu zen: «Agian ez dira hiru behar EAEn, baina Bilbokoari eta Gasteizkoari eusten badiete… geureari ere bai». Tamalez, aurrerabideaz ideia hori dugu.
Behin udaleko zinegotzi bati bere ustez behar ziren tren maiztasunei, egiturei eta ibilbideei buruz galdetu nion. Bere erantzuna, laburra: «Bilbok metroa badu, guk ere bai». Axola zitzaiona geuk ere «metro» hitza erabiltzea zen.
Askori entzun diot (eta arrazoizkoa dirudi) bizkaitarrek neurrigabeko indarrak jartzen dituztela dena eurenera eramateko. Baina, horren aurrean, inguruneak ikuspegi zabalean behar duena aldarrikatu ordez, geurean tematzen gara gara gipuzkoar asko ere. Mundu osoan pertsonako polizia gehien duen lurraldea omen gara. Antza, aireportuak ere proportzio handi samarrean behar ditugu.