Gutuna: 'Tabakalerak eta Donostia Kulturak antolaturiko LABO emanaldietako euskara erabilera dela-eta'
Bittor Hidalgo, Intxaurrondo
Otsailaren 28an argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk nire kexu eskutitza LABO jaialdiko lehen bi egunetan euskaldunok jasandako hizkuntz diskriminazioagatik, espainolaren mesedean; 29an Nerea Txapartegiren erantzun adeitsua, Udaleko Euskara delegatu gisa, eta 7an nire eskerrak. 12an Koldo Almandoz LABOko emanaldien aurkezleak erantzuten zidan, berak gaizki ulertu nahi izandako txikikerien eztabaidan, deskalifikazioak zuzenduaz niri [“errepikapena izan zela esaten duenak ez du egiarik esaten”, “bakoitzak ura bere errotara eramateko gauzak asmatzea ez zait bidezkoa iruditzen”], eta azalpenak ez zituela bi hizkuntzetan eman eztabaidatuz, baina argitu gabe zergatik eman bide zituen hauek gehienak espainol hutsean, salaketaren haria. Modu pribatuan erantzun nion eztabaida publikoak merezi ez zuelakoan. Ez nuen gehiago idazteko asmorik. Baina berriro salaketa hartaz idatzi du 12an Itziar Otxoak, azpidatzi elektronikoen arduradunak, eta berriro, salaketaren hariari heldu nahi gabe dator deskalifikazio gogorrekin –dirudienez ez niretzat bakarrik– [“Baina kontuz –salaketak– egiteko moduarekin, informazio osoa ez badaukagu eta hitz egiten ari garenaz behar beste ez badakigu, salaketak egiatik baino gezurretik gehiago izan lezake eta ondorioz, euskaldunak manipulatzen ariko ginateke. Ez al du horrek ustezko erasoak baino kalte handiagoa egiten?”, “hiriko euskara eta kultura delegatuak tentu handiagoz ibili beharko luke herritarrak salaketara bultzatzeko garaian, erdi egiez, asmo txarrez eta aurreiritziz beterikoek mesede baino kalte egin dezaketelako. Eta ez diezaiogun haizerik eman ‘munduko lotsa handienaz’ azalpenak ematea eskatzen digun, baina norberak apurrik izan gabe, arinki, besteen lana kritikatzen duen horri.”]. Itziarrek argitzen digu azpidatziak nola sortzen diren, eta ziurtatzen nola bost egunetik lautan azpidatziak espainol hutsean eman zituen, bere kabuz, edota aginduta, pentsatzen dut. Horregatik ez dira oso ulergarriak Itziarren hitzak, ni bat etorri naitekeenak, berak dirudienean diskriminazioaren salatzailea: “Aro berriari helduz, utz ditzagun behingoz jarrera biktimistak alde batera eta izan gaitezen geure buruarekin autokritikoagoak, eskubideak aldarrikatu eta horien urraketak salatzeaz gain, ditugun eskubideak erabili ere egin behar dira; izan ere, kultur ekitaldi askotan euskarazko emanaldietan ez baita islatzen hiriko benetako euskaldun kopurua; non daude beste toki batzuetan hainbeste zarata ateratzen duten euskaldun militante horiek?”. Alde guztietan erabili behar ditugu gure eskubideak, baina zuei ere eskatzen badizkizuegu biktimistak gara? Ez zait bidezko iruditzen, nik egia esanda, ni gezurti utzi nahi izatea. Okerrago, horren itzalean, justifikatu nahi izatea jaialdiak euskaldunoi eragindako hizkuntz diskriminazioa. Nire idatzian jakin nahi nuen noren ardura zen diskriminazio hori, eta eskatzen, datorrenetan berriro ez gertatzea. Eta hala segitzen dut eskatzen. Zergatik diskriminatu behar gaituzue euskaldunok? Udalak erantzun du aipatuz konpromisoa duela euskaldunok euskaraz artatzeko. Jaialdiak ere bai? Denok pozik orduan. Hurrengoan filmen azalpenak eta azpidatziak ere euskaraz hortaz? Eta udaleko beste jarduera guztiak ere bai. Ezin konformeago beraz, eztabaidak zerbaitetarako balio izan duelakoan.