Haserretzea ez da nahikoa
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Desiratzen dut guztiok, zuetako bakoitzak, haserretzeko bere arrazoia izatea. Argi mintzo zaigu Stephane Hessel, Frantziar Erresistentziako burkide ohia, Indignez-vous! 32 orrialdeko liburuxkan. Haserretu zaitezte! Ez da egungo egoera soziopolitiko-ekonomikoa aztertzen duen saiakera mardula. Ez eta errebeldiarako giza joera hausnartzen duen tratatu filosofikoa. 32 orrialdeko testuan haserrerako deia egiten du. Urtarrileko iritzian gogoeta teoriko ororen hastapenetan aurkakotasuna dagoela idazten nuen, borroka. Gogoeta suminduran sortzen da. Eta erresistentziaren funtsezko arrazoia haserrea dela dakar gogora Hesselek. Funtsezkotzat du haserretzea. Bere bizitzaren luzeak, 93 urte ditu, haserretzeko arrazoiak etengabe eman dizkio, baina arrazoi horiek ez dizkio emozio batek sortu, konprometitzeko gogoak baizik. Haserrearazten gaituenak militante egiten gaitu, ahaltsu eta konprometitu, Hesselen aburuz. Isolamendu modulu honetan, siriar jatorriko lagun batekin partekatzen ditugu patio-orduak. Lantzean behin berriketarako gogoa izaten du, eta gustura aditzen dizkiogu orain puri-purian dauden lurraldeetako kondaira eta kontakizunak. Behinola, Yemengo museo bat bisitatu omen zuen, eta bertan, gogoan ez duen auskalo zein mendetako eta izenaz akordatzen ez den batek daki zein jakintsuren istorioa kontatu zioten. Hitzez, baina gogor egiten zuen jakintsuak ezarritako errejimenaren kontra, harik eta atxilotu hartu eta urkamendira kondenatu zuten arte. Urka-bilurra lepoan zuela errieta egin zien exekuzioa ikustera urreratu ziren herrikideei, esanaz, zapatak herria kolpatu ondoren, herriari beharrean zapatari galdetzen ziotela ea minik hartu ote zuenez. Gaur egungo mundua konplexuegia zaigu akaso. Haserretzeko arrazoiak ilunagoak zaizkigu apika. Baina zerbait gaizki egin dugu zapatari erreparatzen badiogu herriari beharrean. Ezin dut sinetsi, errealitate hurbilekoaz jakitun, badenik haserretzeko arrazoirik ez duenik. Non dago justizia alderdi eta koalizioak bata bestearen atzetik legez kanporatu eta mehatxatzen direnean? Non eskubide zibil eta politikoak 40.000 lagunek hautes-zerrendetan parte-hartu ezin dutenean? Non demokrazia deiturikoa “joko politikoan” nork parte hartu kalkulu elektoralen arabera onesten denean? 1948an Deklarazio Unibertsalean izkiriatutako eskubideak unibertsalak dira. Eskubide horiek profitatzen ez dituenik aurkitzen baduzue, gupida izan eta lagundu ezazue haiek bereganatzen. Haserretzea ez da nahikoa. Ez diot nik, Hessel xaharrak baizik. Ordea, ez dira hauek gupidatzeko garaiak. Gizakiaren funtsezko osagaietako bat haserretzeko ahalmena da, eta honen ondorioa den konpromisoa. Jarrerarik okerrenetan okerrena, berriz, axolagabetasuna. (Antxon Troitiñori)