Herrikoitasunaren aztarnak
Igandean Behobia-Donostia lasterketa herrikoiaren 57. edizioa izango da. 30.000 lasterkari arituko dira Behobiatik hasi eta Donostiako Bulebarrean bukatzen den 20 kilometroko ibilbidean zehar korrika. Azken urteotan, parte-hartzaileen kopurua esponentzialki hazi da, eta horrek, aldi berean, bere ospea areagotu du estatuko lasterketa herrikoi nagusien artean kokatu arte.
Lasterketa hau herrikoitzat hartzen den arren, zenbait partaidek jatorrian zuen kutsu herrikoi hura galdu duela aldarrikatzen dute; bai eta salatu ere marka handien erakusleiho den beste karrera masifikatu bat bihurtu dela.
Definiziora jotzen badugu, «lasterketa herrikoia» deritzo lehiatu beharrean beren gozamenerako parte-hartzen duten korrikalariez osatutako kirol probari. Azalpen hau irakurrita, ulergarria da korrikalari askok Behobia kategoria horretatik kanpo uztea, lasterketak helarazten duen mezu lehiakorra erabat kontrakoa dela iritzita. Hemen, norgehiagoka hori areagotzen duten bi faktore dira nagusi: batetik, antolakuntza eta komunikabideen partetik hartzen ari den profesionalizaziorako portaera, eta bestetik, korrikalarien jarrera aldaketa.
Egun, karreraren inguruan argitaratzen diren artikulu gehienek lasterketa eraginkorrago bat izateko teknikak edo probarako marka eta material hoberenak zerrendatzen dituzte. Horiek guztiek erabiltzaile berria sortu dute, euren marka eta helburu jakinak gainditzeko grinatsu dauden korrikalariak, alegia. Hala, antolatzaileek ekitaldiaren atzean dauden interes komertzialak sustatu dituzte, gaitasun fisiko jakin batzuekin bat egiten duten herritarrei soilik zuzendutako ekitaldia sortuta.
Edonola ere, ezin dugu lasterketaren joera herrikoia guztiz ukatu. Gipuzkoarren partaidetzarik gabe ezinezkoa litzateke Behobia aurrera ateratzea; izan ere, boluntarioen lana, lasterketaren alor solidarioa eta ibilbide osoan zehar dauden lagunen animoak dira betidanik Behobia eraiki dutenak.
Esandakoa laburbilduz, ulertzen dut egungo Behobia garai bateko lasterketa herrikoi horretaz asko urruntzen dela pentsatzea; hala ere, parte hartze masifikatuaren eta iragartzen diren marka handien gainetik, oraindik ere herria kokatzen da erdigunean eta horrenbestez lasterketa herrikoi gisa ikusten jarraituko dut oraingoz.