Heterosexualitatea oso fuertea da
Ekainaren 28ak irudi eta bizipen politak utzi dizkigu, kapitalismo arrosa arrakalatu eta TERF-ei egur pixka bat eman diegu, besteak beste. Ze ondo. Baina karitate handia ere jaso dugu, karitate heterosexuala, hain zuzen ere.
Heterosexualitateaz ari naizenean, ordea, ez naiz soilik praktika afektibo-sexual batzuetaz ari, erregimen batez ari gara. Heterosexualitatea oso fuertea da. Erregulatzen ditu harremanak, kaleak, eskolak, lan esparrua, edota familia. Tabernetan harreman dinamiketatik at geratzen gara, lanean armairua egin behar dugu, kalean genero batean kategorizatu daitekeen estetika bat izan behar dugu, patologizatu egiten gaituzte… Baina makro horretatik jaitsi, eta orain zuretzat irakurle, kuadrilletan guretzako gairen bat ateratzen duzue karitatez, guri faborea egingo baliguzue bezala, ondoren benetan inporta duten gauzen inguruan hitz egiteko. Hitz egiten duzue zuen praktika afektibo-sexualez gauza tope modernoa izango balitz bezala (gizonek batez ere, nola ez, haien zakilek monumentu bat merezi dute), bat-batean denak guraso zarete. Eta bakarrik geratzen gara, zuen bikotekideak eta zuek unitate familiar mononuklearrak bihurtzen zarete, eta beste bikote heterosexualekin afaltzen duzue, LGTBI+ kolektiboko lagun bat duzuela harrokeriaz azpimarratuz; zeinen exotikoak garen.
Benetan, ondo dago horrelako egun seinalatuetan manifestaziora etorri eta babesa ematea, serio diot, baina hemen kontua ez da soilik exotikook zein praktika afektibo-sexual ditugun; hau erregimen oso bat da: zuei dagokizue hori guztia berrikusi, eta gauza batzuk atzean utzi eta mozten hastea.